Hainbat mota eta kokapenetakoak dira Arabako frontoiak: badira elizen atarietan eta paramentuetan kokatutakoak, pilota plazak, eraikinen fatxada itsuetan egindakoak, harresien ondokoak, monumentu multzoetan eraikitakoak edo frontoi isolatuak. "Gizarteak arkitektura lan xume horiek gehiago estimatzeko" eta aintzat hartzeko helburuarekin, Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Sailak herrialdeko pilota jokorako gunerik berezienetako batzuk bildu ditu.
Iñaki Uriarte arkitektoak landutakoa da Arabako frontoien katalogo aberatsa, eta horren erakusleihoa da Arabako Frontoiak, 2020ko argitalpena. Uriartek berak hitzaurrean azaldu du pilota jokoaren garrantzia: "Horma baten aurrean pilotarekin denbora pasatzeko ohitura zahar herrikoia ondare immaterialaren parte da, eta jolasteko lekua, kulturgunea". Frontoi plaza Euskal Herriko berezko ezaugarria bezala definitu du Uriartek, "eta euskal gune publiko nagusi hori da, ziur aski, hirigintzaren historia unibertsalari egin diogun ekarpenik garrantzitsuena".
Zaharrena, Arraia-Maeztun
Plazako frontoien artean Dulantzi, Araia, Arraia-Maeztu, Ezkerekotxa eta Gasteizkoa nabarmendu ditu Uriartek, eta horien artean, lurraldeko frontoirik zaharrenetakoa, Arraia-Maeztuko. 1857an eraiki zuten hain zuzen, herriko gunerik zabalenean. Lautadara salto eginez, Dulantziko Gure Toki dugu. 1947an eraiki zuten, XVI. mendeko San Blas elizaren, udaletxearen eta Kultura Etxearen ondoan. Berezia da haren neurrien monumentaltasunagatik eta kokalekuagatik duen ikuspegi zabalengatik.
Lautadan dago ere Araiako Iturbero frontoia; 1876an eraikita, balio handiko herriko eremu txiki eta estu batean, bi gune elkartuz: alde batetik, jolas eremua bera kirolerako eta jolaserako erabiltzen dena, eta bestetik udal eraikina. Iruraiz-Gaunako Ezkerekotxa herri txikian, berriz, frontoi berezi bat dute, oso sinplea baina ikusgarria. Pilota jokorako frontis bihurtu dute etxebizitza eraikin baten fatxada itsuaren horma, tratatuta eta ohiko garaieran burdinazko txapa jarrita. Halaber, eremu laukizuzen bat hormigoitu eta leundu dute, kantxa mugatzeko.
Peña Gantxegiren obra
Arabako hiriburuan arras ezaguna da Gasteizko Foru Plazako frontoia. Zabalguneko eremu triangeluar zabal hau antzinako Abastos azoka (1899-1975) eraitsi zutenean sortu zen. Luis Peña Gantxegi arkitektoak egin zuen proiektu hori, 1976an, Eduardo Chillida eskultorearekin elkarlanean. Eremu publiko bat sortu nahi izan zuten, aldi berean gune etnografiko kulturala eta eskultura lana dena. 1979. eta 1982. urteen artean eraiki zuten, eta frontoi plaza kontzeptua birsortu, ikuspegi garaikide batetik. Bi horma dituen frontoia eraiki zuten, eta jolas herrikoien bestelako zenbait elementu txertatu zituzten, besteak beste, bolatokia eta probalekua.
Plazako frontoiekin batera, ohikoa da ere tenpluetako fatxadak frontis gisa erabiltzea. Horien artean, Apilaizko Elespara auzoan dagoena da kontuan hartzekoa. Jesus Ginea eta Emilio Apraiz arkitekto ospetsuen lana da. 1959an eraiki zuten, une hartan erabat garaikidea zen estiloan: post- arrazionalismoa. Ilarduian, Kripanen eta Mijancasen mota honetako frontoien beste hiru adibide aurkitu daitezke.
Harresietan jokoa
Halaber, elizak bezala, herrietako harresiak erabili izan ohi dira pilota jokoan. Hala izan da bederen Agurainen, Antoñanan eta Guardian. Hiru herri horietako horma zaharrak urte luzez izan dira pilota txapelketen lekuko, eta Guardian oraindik ere badira. Izan ere Harategien Atearen edo Ate Berriaren ondoan, garai batean pilota jokoa zegoen lekuan, 1842an, horma perpendikular bat eraiki zuten eta, horrela, harresia ezker hormatzat hartuta, frontoia osatu zuten. Egun, erabilera asko dituen gunea da, baina pilota partidak ere antolatzen dituzte, eta, beraz, izaera ludikoa izaten jarraitzen du.
Antoñanako kasuan, berriz, Damian Usategi plazaren ondoan dago antzinako frontisa; frontoi askotan izaten den errebote hormarik ez du, eta horren ordez paisaiaz gozatzeko aukera dago.
"Frontoia hirigintza unibertsalari egin diogun ekarpenik nagusia da"
Bi frontoi ditu bere aldetik Aguraingo harresiak. Ekialdean, Santa Maria elizaren horma frontis gisa erabiltzen zuten jolasteko, eta ezkerraldeko harresiarekin osatzen zen jolas eremua. Judutarren Frontoia esaten zioten. Mendebaldean, antzinako Done Sebastian atearen ondoan, 1842an, horma bat jarri zuten, frontis gisa.
Artziniega, Gesaltza Añana, Labraza eta Laudioko frontoiak bereizten dituen ezaugarria da monumentu multzoen parte direla. Laudiokoak, gainera, historia berezia du. 1876an herrigunetik kanpo zegoen Lamuza jauregia eskuratu zuen Urquijoko lehenengo markesak eta 1890ean eraiki zuten frontoia. Egun, publikoa da eta tamaina handikoa.