Martxoaren 4rako greba deitu dute zerbitzu sozialetan, zaintza lanak aitortzea eskatuz

Erredakzioa 2021ko ots. 26a, 15:05

Urtarrilaren 26ko zaintza grebaren mobilizazioa. / LAB SINDIKATUA

ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek deituta, EAEko gizarte zerbitzuak grebara joango dira martxoaren 4an, zaintza lanetan aitortza eskatzeko.

Pandemiak argi utzi du gizarte zerbitzuen garrantzia, baina pribatizazioen ondorioz "negozioa egiteko aukeratzat" hartu izan direla salatu dute sindikatuek: "Azken urteetan, erabiltzaile zein langileen bizi kalitatea okerrera joan da, pribatizazioak sortzen duen diru-gosea dela eta", kritikatu dute.

Hortaz, gizarte zerbitzuen sistemaren "eredu aldaketa oso bat" aldarrikatu dute: "Zaintzen ez duen eredua alde batera utzi behar da, negozioa eta pribatizazioa alboratuz".

Zentzu horretan, gizarte zerbitzuak publiko bihurtu eta zerbitzuen kalitatea bermatuko dituzten arauak onartzea exijitu diete erakundeei, "langile eta erabiltzaileen iritzia kontutan hartuz".

Gainera, lan horietan "aitortza faltak" prekarietatea areagotzea eragin duela uste dute: "Lan zama jasanezinak, behin-behinekotasuna, soldata baxuak...", azaldu dute, eta negoziazio kolektiboa blokeatuta dagoela ohartarazi dute.

Testuinguru horretan, hurrengo martxoaren 4an gizarte zerbitzuen greba deitu dute EAE osoan, azken urteetan langileek plazaratutako aldarrikapenak azaleratzeko:

  • Gizarte zerbitzu guztiak publifikatu, langile guztiak subrogatuz.
  • Gizarte zerbitzuen eredua aldatzea: besteak beste, sarbidea erraztu eta orokortuz, arreta sistemak arautu eta pertsonen autonomia sustatu.
  • Erabiltzaile eta langileen parte hartzea sustatu.
  • Langileen lan baldintzak hobetzeko erabakiak, lan hitzarmenak desblokeatuz eta ratioen dekretuak eguneratuz.
  • Gizarte zerbitzuen multzoa arautzea, Eusko Legebiltzarraren eskakizuna betez, dagozkion dekretuak eginez eta onartuz, erabiltzaileen eta langileen parte hartzearekin.
  • Aurrekontu-hornidura bermatzea, gizarte zerbitzuen eta zainketa zerbitzuen euskal sistema publikoa aurrera eramateko: kudeaketa zuzenekoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide