Bederatzi erakundek sendagaien ingurumen-inpaktuaren ikerketa gidatu nahi dute

Erredakzioa 2021ko ots. 26a, 14:53

Ostiral honetan, bederatzi erakundek sinatu dute akordioa. / AFA

Bederatzi entitatek protokolo bat sinatu dute sendagaiek ingurumenean sortzen duten kutsadura ikertu eta horren kontrako konponbideak aplikatzeko. Horretarako, farmakutsaduraren alorreko berrikuntza-programa bat garatuko dute.

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak, BioAraba Osasun Ikerketako Institutuak,  Vital Fundazioak, Arabako Sendagaigileen Elkargo Ofizialak, BIC Arabak, AMVISAk eta AquaDatek protokolo bat sinatu dute ostiral honetan, farmakutsaduraren alorreko berrikuntza-programa bat garatzeko.

Bederatzi entitate horien ordezkariek sinatu dute lankidetza-protokoloa, berariazko hitzarmenen bidez garatzekoak diren ekintzetarako oinarri gisa. Gasteizen eta Araban sendagaiek ingurunean sortzen duten kutsaduraren aurkako irtenbideak ikertu, aplikatu eta ezagutarazteko konpromisoa hartu dute horren bitartez.

Besteak beste, planetak gero eta toxikotasun arazo gehiago izateak ekarri du ituna hitzartzea. Zehazki, "kutsatzaile izendatu berriak" deritzenek gero eta kezka handiagoa sortzen dute, eta horrek farmakutsadurari erreparatzea ekarri du; alegia, sendagaiek beren bizi-zikloaren etapa bakoitzean ingurumenean eragin dezaketen kalteari.

Berariazko ikerketa proiektua 

Zenbait alderdi aipatzeagatik, protokoloak aurreikusten du ikerketa proiektu bat abian jartzea hondakin-uretan eta ekosistemetan kutsatzaile izendatu berririk dagoen eta horrek zein eragin izan dezakeen zehazteko. Orobat, ikerketa zientzialarien artean eta gizartean ezagutarazten lagunduko da, jardunaldi, mintegi edo biltzarren bitartez.

Sendagaiak zentzuz erabiltzea

Hartutakoen arteko beste konpromiso bat da sendagaiak zentzuz erabiltzeko irtenbideak identifikatzen eta garatzen lan egitea, eta farmakutsadurak duen inpaktuari buruzko prestakuntza ematea osasun alorreko langileei. Entitate sinatzaileek, orobat, irtenbide teknologikoak sustatuko dituzte farmazia-produktuak eraginkortasun handiagoz desagerrarazi ahal izateko.

Ekimen honek badu aurrekaririk, orain protokoloan parte hartzen duten ikertzaileen eta entitateen arteko lankidetzari dagokionez: hondakin-uren epidemiologiari buruzko azterlana, SARS-CoV2 garaiz antzemateko, farmakoak kuantifikatzeko eta substantzia toxikoak analizatzeko, Gorka Orive eta Unax Lertxundi zientzialariek egindakoa. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide