Patricia Lopez Arnaizek jasoko du Euskal Zinemaren Asteko 'Gutako bat' saria

Erredakzioa 2021ko ots. 26a, 14:00

Lopez Arnaiz emakumezko aktore onenaren Goya sarirako izendatuta dago. / TAMARA ARRANZ

Ane filmagatik emakumezko aktore onenaren Forque saria eta Goya zein Feroz sarietarako izendapenak lortu ditu Patricia Lopez Arnaiz aktore gasteiztarrak. Larunbatean, Gutako bat saria jasoko du Euskal Zinemaren Asteko amaiera galan.

Urrezko aroa bizitzen ari da Patricia Lopez Arnaiz. Ane filmagatik sari eta izendapen ugari lortu ostean, Euskal Zinemaren Astearen 37. edizioaren Gutako bat saria jasoko du orain. Saria larunbatean emango diote, amaiera ekitaldiko galan.

Sari hau bere ibilbide zinematografiko osoagatik izango da, baina ezin ahaztu Lopez Arnaiz Ane filmaren protagonista dela; Goya sarietarako bost izendapen dituen filma. Pelikulan Lide da, banandutako ama, eta Abiadura Handiko Trenaren obretan segurtasun zaindari lanetan bizitzan aurrera egiten saiatzen dena. Aldi berean, uste baino gutxiago ezagutzen duen alaba nerabeaz arduratuko da.

Oraingoan, David Perez Sañudoren aginduetara lan egin du oraingoan aktore arabarrak, Mikel Losada, Jone Laspiur, Aia Kruse, Nagore Aranburu, Gorka Aguinagalde eta Fernando Albizurekin batera. Lan horri esker, Forque saria lortu du, eta, gainera, Goya eta Feroz sarietarako izendapenak ere jaso ditu, emakumezko aktore nagusiaren kategorian.

Oholtzatik pantaila handira

Publizitatean eta Harreman Publikoetan lizentziatu ondoren, Patricia Lopez Arnaizek interpretazioa ikasi zuen Gasteizko Ortzai antzerki eskolan. Bere prestakuntza osatzeko, interpretazio, dantza eta sorkuntza eszenikoko tailerrak eta eskolak hartu zituen.

Bere hastapen profesionalak antzerkian izan ziren, bere jaioterrian, 2009an ikus-entzunezkoak aurkitu zituen arte. Lehenengo urratsa bigarren mailako pertsonaia gisa eman zuen, 80 egunean filmean; Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren ('Loreak', 'Handia') fikziozko lehen film luzean, hain zuzen ere.

Orduz geroztik, eta formazioa alde batera utzi gabe, antzerkia hainbat filmetan egin zituen paper txikiekin tartekatu zuen: besteak beste, Qué vida más triste, La herida, Lasa eta Zabala edo Un otoño sin Berlín.

2017an, lan bikaina egin zuen bigarren mailako paper batean, Fernando Gonzalez Molinaren El guardián invisible filmean. Urte berean, bultzada handia izan zuen bere ibilbidean, bere lehenengo paper protagonistak izan baitzituen Alberto Rodriguezen La Peste telesailean eta Julio Medemen El árbol de la sangre film luzean.

2018an TVEn estreinatutako La otra mirada telesaileko bere paper protagonistak ikusgarritasun handia eman zion publiko handiaren aurrean. Iris sarietan emakumezko interprete onenaren izendapena jaso zuen, eta baita kategoria bereko Ondas saria ere. Urte berean, Alejandro Amenabarren Mientras dure la guerra filmean parte hartu zuen, eta La Peste telesailaren bigarren denboraldia filmatu zuen.

2020an, pandemia izan arren, Ane ez ezik, Fernando Gonzalez Molinaren Ofrenda a la tormenta, David Ilundainen Uno para todos eta Imanol Rayoren Campanadas a muerto lanetan ere hartu zuen parte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide