Ekainaren 20an ospatuko da aurtengo Araba Euskaraz, Laudion, baina bidean hamaika ekitaldi izango dira aurten Arabako ikastolen jai handiaren egunaren aurretik. Bakardadeak garaitu zituenak ikuskizuna izango da igandean, hilaren 28an, Laudio Ikastolaren kiroldegian, eta hurrengoa ere prestatzen hasi dira: 10.000 km baietz erronka. "Bide zabal eta luze honek helmuga ekainaren 20an izango badu ere, hilabetero ahal dela, euskara eta euskal kultura sustatzeko jarduerak antolatzen saiatuko gara", esan du Aiara Murga Egiak, Laudio Ikastolako lehendakariak.
Martxoaren 14rako proposatzen duten ekintzan, 10.000 km baietz erronkan, laudioarrak euskararen alde mobilizatzea dute helburu. Jon Bengoetxea Martinez, Laudio Ikastolako zuzendariaren esanetan "zerbait ludikoa, herrikoia eta parte-hartzailea" izatea nahi dute, jendarteak euskarari, kulturari, kirolari bidea zabal diezaion.
Erronka 09:00etatik 19:00etara izango da, Zumalakarregi etorbidean; horretan nahi beste joan-etorri egin ahal izango dira, bertaratutakoen artean 10.000km edo gehiago osatu arte. Ekimen honetan edozeinek har dezake parte; korrikan, oinez, txirrindulaz, patinetan... aldez aurretik izena ematea gomendatzen dute, baina, hala ere, egunean bertan ibilbidean kokatuko diren kontrol guneetan ere aukera egongo da apuntatzeko.
Aldez aurretik www.arabaeuskaraz.eus web gunean eman beharko da izena eta egunean bertan zehaztutako ibilbidearen muturretan. Gune hauek egindako kilometroen kontrola eramateko ere baliatuko dira, hau da, parte hartzaileek izango duten txartelean euskararen alde egindako distantzia markatzeko. Helburua 10 ordutan 10.000km egitea izanik, 5km, 5 joan–etorri, egiten duten 2.000 pertsona biltzea litzateke erronka. Orduro gutxienez 200 pertsona. "Zumalakarregi etorbidea euskaraz betetzea da asmoa. Horretarako Laudioko ikastetxe zein eragileei bidea zabaldu nahi diegu, haiekin harremanetan jarriko gara, elkarrekin euskarari bidea zabal diezaiogun", azaldu du Laudio Ikastolako zuzendariak. Horretaz gain, ibilbidea girotzeko asmoa dute antolatzaileek, ahal dela musikaz, ikastetxeetako ikasleek egindako euskararen aldeko mezudun oinatzez, etab.
Hori bakarrik ez, jendeari parte har dezan deituz, 10.000 km baietz! youtube kanala ireki dute. Bertan erronka honetara batuko diren hamarnaka laudioarren gonbita biltzen joango dira. Izan ere, azaldu dutenez, Araba Euskarazen alde edozeinek jar dezake bere alea eta bideo labur bat arabaeuskaraz@ehi.ikastola.eus helbidera bidaliz bideo sorta honetan parte hartu.