Pandemiaren gainetik, martxoaren 8an plazak hartuko ditu mugimendu feministak

Erredakzioa 2021ko ots. 25a, 16:46

2020ko Martxoaren 8ko manifestazioa Gasteizen. / @GasteizkoMF

Osasun krisiak baldintzatuta bada ere, Euskal Herriko mugimendu feministak mobilizazioak deitu ditu martxoaren 8rako. Gasteizko manifestazioa 19:00etan abiatuko da San Anton plazatik.

Bi urte igaro dira azken greba feministatik. Orduan, planto egin eta "bizitzak erdigunean" jartzeko beharra aldarrikatu zuen Euskal Herriko mugimendu feministak. Urtebete beranduago, Covid-19aren pandemia hastear zegoela, antolakuntza eta borroka feministara batzeko deia egin zuen.

Ondoren, pandemiak dena baldintzatu du, eta Euskal Herriko mugimendu feministaren ustez, horrek "sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak azaleratu ditu; lehertu dena, ez baita soilik osasun krisia".

"Dena aldatu, sistema arrakalatu"

"Herritarron osasunaren gainetik, gobernuetatik kapitala lehenetsi da berriz ere", salatu dute. "Mugak eta kaleak militarizatuta ikusten ari gara, abusu polizial eta instituzional arrazistak jasan ditugu, ehunka kide kaleratuak izan dira edo kaleratze arriskuan daude, milaka emakumek lan merkatua utzi behar izan dute zaintza lanengatik, agerian geratu da Euskal Herrian bertan erabakiak hartzeko ahalmen eza, espazio okupatuak desalojatu dituzte, indarkeria matxistak ez du etenik izan, eta krisialdiak eragin zuzena izan du eremu feminizatuetan, bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan", azaldu dute.

Hortaz, aurten, "sistemari arrakalak sortzea" izango da martxoaren 8ko mobilizazioen ardatza, eta, hain zuzen ere, DENA aldatu, sistema arrakalatu izango da mugimendu feministaren leloa.

Euskal Herriko mugimendu feministaren prentsaurrekoa, Donostian.

 

Egokitutako mobilizazioak

Mobilizazio handiek eragin ditzaketen arazoen inguruko zalantzak sortu dira hainbat erakundetan eta baita jendartean ere, baina Euskal Herriko mugimendu feministak argi utzi nahi izan du: "Osasun prebentziorako neurriek zein mugikortasun mugek ohikoak ditugun mobilizazio erak zailtzen dizkigute, baina kaleak salaketarako espazio izateko modua bilatuko dugu".

"Krisi hau ez zen pandemiarekin hasi, eta Euskal Herriko mugimendu feministan orain ez gara isilik eta geldi egongo", ohartarazi dute. "Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu. Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko".

Hortaz, aurten ere, "arduraz jokatuta eta Euskal Herri feminista, antikapitalista eta antirrazista eraikitzeko", manifestazio handiak hiriburuetan deitu dituzte, baina herri zein auzo mailako mobilizazioak eta ekimenak ere izango dira. Kaleak eta plazak hartzera animatu dituzte Euskal Herriko emakumeak, trans eta bollerak:

  • Donostian, 18:30ean Antiguako tuneletik.
  • Gasteizen, 19:00etan San Anton plazatik.
  • Baionan, 12:00etan Ospitaletik hasita.
  • Bilbon, 19:00etan Jesusen Bihotzetik.
  • Iruñean, 20:00etan auzo denetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide