Mila haritzeko baso berri bat izango da Gasteizen

Erredakzioa 2021ko ots. 25a, 13:06

Goizean landatu dute 'Albia basoan' lehen zuhaitza. /Gasteizko Udala

Karbono-isuria murrizteko egitasmoen artean aurkeztu dute Zabalgana auzoko basoa.

Mila haritzeko baso berri bat izango da Gasteizen, Zabalgana auzoan, enpresa lokal baten ekimenez. Albia basoa izeneko ekimena aurkeztu du gaur Albia taldeak, hiriko karbono-isuriak murrizten laguntzea helburu, iraunkortasunaren eta ingurumen-inpaktua gutxitzearen aldeko konpromisoarekin.

Zabalganeko basoan egin den aurkezpen ekitaldian, landaketa sinboliko bat egin dute ehorztetxearen eta Udalaren ordezkariek, Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Ingurumen Plangintzaren eta Kudeaketaren zinegotzi Cesar Fernandez de Landa izan dira bertan, eta Eraztun Berdeko baso horretako 2.500 metro koadroko eremuan landatuko diren 1.000 erkametzetatik —Quercus faginea— lehena landatu dute.

Alkateak eskertu egin dio ekimena Albiari, basoa landatzeko hiria aukeratu izana. "Oso pozgarria zait landaketa honetan parte hartzea, uste baitut denok bat egin beharra daukagula klima-aldaketaren kontrako borrokan. Modu kolektibo eta indibidualean konprometitzen gaituen erronka bat dugu", nabarmendu du alkateak, eta azaldu du 1.000 erkametz horien landaketa hiriak aldian-aldian egiten dituen landaketei gehitu behar zaiela. "Eraztun berdean eta landa-eremuan moztutako zuhaitz bakoitzeko, beste 15 landatu ditu Udalak, azken bi urteotan", gaineratu du.

Albiaren agenda berdearen barruan sartzen den erkametz-landaketa horren bitartez, CO2-a nabarmen murriztuko dela kalkulatzen dute. Izan ere, espezie horretako zuhaitz bakoitzak 0,13 t CO2 xurgatzen du. Horrela, ingurumenarekiko konpromisoa sendotu nahi du Albia enpresak, bere jardueran ingurumen-arriskuen kudeaketa hobetzeko egiten dituen beste ekintza batzuei gehituz ekimen hori.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide