Pansequito Cadizko kantariarekin hasi zen joan den urtarrilaren 30ean aurtengo XXI. Mendeko Flamenkoa izeneko zikloa, Gasteizen flamenkoaren mundu aberatsaren erakusleihoa 1998. urtetik. Antonio Benamargo (Malaga, 1954) flamenkozaleak kudeatzen du artista hasiberriak eta ospe handikoak uztartzen dituen jaialdia.
Zikloaren 24. jaialdia, gero eta zale gehiago biltzen dituena.
1998an hasi ginen Gasteizen, urtebete lehenago Logroño eta Barakaldon flamenko bira bat egin eta gero. Felix Petitek deitu zidan, orduan Udal Antzerki Sareko koordinatzailea zenak, Gasteizera eramateko proposamenarekin. Harritu egin ninduen Petitek zuen ikuspegi zabala eta berezia; Federico Garcia Lorca antzokian egiten hasi ginen, Sansomendin, ijito komunitate handia zegoelako han, eta dudarik gabe, horrek asko lagundu zuen lehendabiziko urteetan pausoak ematen. Ziklo batentzat zailenak lehenengo urteak dira.
Nola aldatu da jaialdia urteekin?
Batez ere ahoz ahokoak ematen ditu fruituak, eta jaialdi honetan ere hala dela uste dut. Hainbat espaziotan ibili eta gero, Hegoalde gizarte etxean dugu egun etxe nagusia, eta ikusle sare sendoa dugula esan daiteke, gazte ugari tartean, eta emakumeak batez ere; emakumeak dira kulturari eusten diotenak. Flamenkozale ugari dago, eta publikoa ziurtatuta daukagu.
Flamenko klasikoa da, batez ere, XXI. Mendeko Flamenkoa jaialdian nagusi, ezta?
Programatzaileak ezin du publikoaren gustuen arabera antolatu jaialdi bat, irizpide bat izan behar du, baina ezin da publikoari gustatzen zaionaren kontra joan. Espainia iparraldean, Andaluzian gertatzen denaren aldean, flamenko klasikoa dute gogoko, eta ahotsa duten kantariak, ahots ona dutenak. Andaluzian, aldiz, beste produktu batzuei ematen zaie leku gehiago, fusiotik gehiago dutenak... Iparraldean, beharbada, abesteko duzuen tradizioagatik ahotsari lotuago dago. Halere, saiatzen naiz estilo eta lurralde osoko ordezkariak ere eramaten.
Mayte Martinen txanda izango da larunbatean, hilaren 27an.
Carmen Linaresekin batera, une honetan flamenko artista garrantzitsuenetako bat da Mayte Martin. Flamenko kantaria eta sortzailea da bera, proposamen interesgarriekin.
David Palomar kantaria ostean, martxoaren 13an.
Cadizeko cantearen ordezkari nagusia da David Palomar, bere forma eta aldaera zehatzekin, bertako inauteriek utzi dioten arrastoarekin. Flamenkoaren estilo guztiak menperatzen ditu, eta gitarrista bikaina izango du alboan gainera, Sevillako Rafael Rodriguez.
Eta amaitzeko, martxoaren 23an, Cancanilla de Malaga.
Flamenkoaren estiloak ondo menperatzen ditu. Urte asko daramatza oholtza gainean, eta 30 urteetako flamenkoaren artista onenekin aritu da. Bere cante jondoarekin disfrutatuko du publikoak.
Flamenkoarekin harremana ez duenarentzat ere aukera ona izan daiteke jaialdi hau, ezta?
Askok uste dute flamenkoa entzuteko solea-etan doktorea izan behar dela, ezta gutxiagorik ere. Blues, jazz edo funky musikak entzuten ditugun moduan, erroa duten musika guztiak bezala, eramaten utzi eta sentitzen saiatu behar da. Eta, ostean, hori hobeto ulertzeko gaitasuna baduzu, primeran.
Norantza doa flamenkoa? Etorkizun oparoa du?
Baikorra naiz. 30 urte baino gutxiagoko artistak oso prestatuta daude, eta ikasteko aukera guztiak dituzte eskura; duela 30 urte, kantariak zuzenean entzutea zen erreferentzietatik ikasteko ia aukera bakarra. Egia da, halere, garai batean familia giroan xurgatzen zela musika, patio eta korraletan, baina horiek desagertu dira, besteak beste, Jerez eta Trianan zeuden gune nagusiak. Hutsune hori badago, eta erreferente handiena, baina, beste alde batetik, sormenerako hamaika aukera daude egun, eta hobera doala uste dut.