Hiru eguneko grebak %70eko jarraipena izan du haurreskoletan

Erredakzioa 2021ko ots. 24a, 17:23
Haurreskolak Partzuergoko langileen mobilizazioa Eusko Jaurlaritzaraino. / ALEA

Babes zabala jaso du azken hiru egunetan LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek Haurreskolak Partzuergoan deitutako grebak. Hezkuntza Sailaren berririk gabe jarraitzen dutela salatuz, Eusko Jaurlaritzaren aurrean mobilizatu dira hirugarren egunean.

Abendutik hona, zazpi greba egun egin dituzte Haurreskolak Partzuergoko langileek: lehenengoak abenduaren 10ean eta 16an; ondoren, urtarrilaren 25ean eta 27an; eta, azkenik, aste honetan, hilaren 22an, 23an eta 24an, Hezkuntza Sailak deitutako azken mahai negoziatzailetik bi hilabete pasa direnean.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek eskainitako datuen arabera, batez besteko jarraipena %70ekoa izan da hiru egunetan; zerbitzu minimoak "gehiegizkoak" izan direla salatu duten arren. Gainera, langile, familia eta eragileen atxikimenduaren balioa nabarmendu dute.

Sindikatuek Hezkuntza Sailaren berririk gabe jarraitzen dute, eta euren arabera, "lotsagarria eta erantzukizun politiko eskasekoa" da saileko arduradunek "negoziatzeko erakutsi duten borondate eza eta langileen aldarrikapenei horrela muzin egitea". Horregatik, asteazken honetan Eusko Jaurlaritzaraino eraman dute protesta.

 

Mobilizazio dinamika

Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzi haurreskolen etorkizunaren inguruan "garbi hitz egin dezala" eskatu diote. Era berean, egoeraren "larritasuna" dela eta, langileei eta jendarteari mobilizazio dinamikarekin jarraitzeko beharra helarazi diete, honako eskaera hauen defentsan:

  • Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean.
  • Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.
  • Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.
  • Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea.
  • Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Partzuergoa gehitzea.
  • Aurrekontua handitzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide