Iñaki Urdangarinek Araban beteko du zigorra, hirugarren graduan

Erredakzioa 2021ko ots. 24a, 08:30
Iñaki Urdangarin eta Cristina de Borbon, 1997an. / CASAREAL.es

Arabako espetxean beteko du Iñaki Urdangarinek zigorraren gainerako zatia, hirugarren graduan; lo egitera baino ez da joango. Gainera, lana topatu du Gasteizen, eta hiriburuan igaroko ditu asteburuak, bere amarekin.

Espetxe Zaintzako epaileak hirugarren gradua eman eta hilabetera, Iñaki Urdangarin Zaballako espetxera joango da. Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak Arabako espetxera lekualdatzea onartu dio datorren astetik aurrera.

Bere ama, Claire Liebaert, Gasteizen bizi da, eta berarekin igaroko ditu asteburuak. Izan ere, Urdangarinek asteburu libreak izango ditu, astean zehar espetxera itzuliko da lo egitera, eta goizetan aterako da topatu duen lan berri batean lan egitera. Gainera, abian jartzen denean, gaizkile ekonomikoentzako tratamendu-programaren mende jarriko da.

Iñaki Urdangarin 2018ko ekainean espetxeratu zuten Brievako emakumeen kartzelan, ustelkeriagatik bost urte eta hamar hilabeteko zigorra betetzeko, Noos auzia dela eta. Urtarriletik, Alcala de Henaresko Gizarteratze Zentroan betetzen ari da zigorra, hirugarren graduan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide