Euskal Liga birtuala abian jarri dute

Erredakzioa 2021ko ots. 23a, 18:03
Game Erauntsia Elkartea, Gu ere Bai ekimena eta Hamaika Telebistako ordezkariak, San Mamesen. GU ERE BAI

Game Erauntsia Elkarteak, Gu ere Bai ekimenak eta Hamaika Telebistak bultzatuta eta PlayStation 4 plataformaz baliatuz, FIFA21 Euskal Liga martxoaren 1ean hasiko da eta apirilaren 4an amaitu. 

Gu ere Bai euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzen duen ekimenak, Game Erauntsia euskal bideo-jokozaleen komunitateak eta Hamaika Telebistak bat egin dute sarean FIFA21 Euskal Liga antolatzeko. PlayStation 4 plataforma baliatuz, martxoaren 1ean hasiko da txapelketa eta apirilaren 4an, Aberri egunarekin bat eginez, amaituko da. Euskal kirolarien eta euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena egiteko asmoa du ekimenak.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, gizonezkoen taldeak soilik erabiliko dira, Electronic Arts-en bideo-jokoak ez dituelako emakumezkoen taldeak eskaintzen, selekzioak salbu. Euskal liga izanik, Alaves, Athletic, Eibar, Reala eta Osasunaren gizonezkoen taldeak erabiliko dira norgehiagoketan.

Txapelketa osoa euskara hutsez antolatu eta jokatuko da. Parte-hartzeko PlayStation 4ko FIFA21 jokoa eta internet konexioa beharrezkoak direla ere azpimarratu dute. Izen-ematea otsailaren 25erarte dago irekita, eta Game Erauntsiaren webgunearen bitartez egin behar da.

Aurrekariak

Pasa den urtean FIFA20 Euskal Liga antolatu zuten Game Erauntsia elkarteak eta Gu ere Bai ekimenak. Guztira 150 lagun inguruk izena eman zuten FIFA20ra PlayStation 4an jokatzeko. Guztira 100 norgehiagoka baino gehiago jokatu ziren eta 800 gol baino gehiago sartu. Hamaika Telebistak finala igorri zuen "eta emanaldia gertaera gogoangarria izan zen, historian lehenengo aldiz telebista batek euskaraz eta zuzenean e-kirol txapelketa bat eman baitzuen". FIFA20 Euskal Ligako garailea Ibarrainkua bideo-jokalaria izan zen Eibarren koloreak defendatuz.

Aurtengo edizioaren finala, berriz ere, Hamaika Telebistaren egoitzan jokatuko da. Hamaika Telebistan zabaltzeaz gain, finala Game Erauntsiaren Twitch-eko kanalean ere jarraitu ahal izango da. Irabazleak hainbat sari jasoko ditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide