Azken asteetako joerari eutsiz, Arabako intzidentzia tasa metatuak behera egiten jarraitzen du: une honetan 305,26koa da, eta azken 24 orduetan 46 positibo berri baino ez dira atzeman lurraldean. Gainera, kasu horietako 41 Gasteizen atzeman dira; hiriburuko intzidentzia tasa metatua 340,20koa da une honetan.
Gaubea, eremu gorrian
Astelehen honetan udalerrien egoeraren inguruan Osasun Sailak plazaratutako azken ebazpenaren arabera, hainbat aldaketa izan dira: Lantaron eremu gorritik atera da, 423,28ko intzidentziarekin, azken astean soilik hiru positibo atzeman direlako; eta udalerri bakarra sartu da eremu gorrian: Gaubea, 845,86ko intzidentzia tasa metatuarekin eta azken zazpi egunetan pilatutako lau positiboak direla eta.
Horrenbestez, Gaubean eskola kirola etenda mantenduko da, asteartetik ostiralera. 986 biztanle ditu udalerriak.
Bitartean, eremu gorrian ez dauden 5.000 biztanletik beherako udalerriei dagokienez, bost udalerritan 500etik gorakoa da intzidentzia tasa metatua, baina lurraldeko egoera orokorrak hobetzen jarraitzen du:
- Añana: 1675,98
- Aramaio: 675,68
- Ekora: 2247,19
- Urkabustaiz: 620,69
- Zalduondo: 1015,23
Testak eta ospitaleak
EAEko egoera orokorrari dagokionez, igande honetan 6.646 test diagnostiko egin ziren; horietatik 303 positiboak izan ziren (%4,6). Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 0,86koa da EAEn, eta 0,88koa Araban; azken egunetan handitu da tasa, baina ikusteke dago zein izango den horren eragina hurrengo egunetako bilakaeran.
Ospitaleen egoerari dagokionez ere, egoera hobetuz doa. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:
- 27 pertsona ospitaleratu dituzte Covid-19aren ondorioz.
- 396 lagun daude Osakidetzako solairuetan; horietako 42 Araban.
- 145 pertsona ZIUan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik; horietako 18 Araban.
- Guztira, 541 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz; horietako 60 Araban, duela astebete baino 38 gutxiago.