Haurreskoletan grebari eta mobilizazioei ekin diete berriro ere

Erredakzioa 2021ko ots. 22a, 10:56
Haurreskolak Partzuergoko mobilizazioa Gasteizen. / ALEA

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek Haurreskolak Partzuergoan Hezkuntza Sailaren berririk gabe jarraitzen dutela salatu dute.

Abenduaren 10 eta 16ko eta urtarrilaren 25 eta 27ko greba egunen ostean eta Hezkuntza sailak deitutako azkenengo mahai negoziatzailetik bi hilabete pasa direnean, greba eta mobilizazio dinamikarekin hasi dira berriro ere Haurreskolak Partzuergoko langileak.

Hilaren 22, 23 eta 24rako daude greba eta mobilizazio egunak deituta, eta LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek eskainitako datuen arabera, gaurko jarraipena %72koa izan da.

Sindikatuen arabera, "lotsagarria eta erantzukizun politiko eskastzat" jo dute Jaurlaritzako Hezkuntza saileko arduradunek negoziatzeko duten "borondate eza eta langileon aldarrikapenei horrela muzin egitea".

Hezkuntza saileko sailburu Jokin Bildarratzi haurreskolen etorkizunaren inguruan "garbi hitz egin dezala" eskatzen diote. Era berean, egoeraren "larritasuna" dela eta, langileei eta jendarteari mobilizazio dinamikarekin jarraitzeko beharra helarazi diete honako eskaera hauen defentsan:

  • Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean.
  • Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.
  • Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.
  • Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea.
  • Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Partzuergoa gehitzea.
  • Aurrekontua handitzea.

Aldarrikapen horien defentsan, gaur elkarretaratzeak deitu dituzte hiriburuetan. Asteazkenean, berriz, manifestazioa egingo dute Eusko Jaurlaritzaren egoitza parean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide