Real Sociedad 4 - 0 Alaves

Alavesek porrot mingarria jaso du derbian

Ibon Gorrisi 2021ko ots. 21a, 18:55
Argazkia: @Alaves

Talde txuri-urdinak erakustaldia eman du eta 4-0 irabazi dio Arabako taldeari.

Real Sociedad

4

Alaves

0

Alavesek burua altxatu ezinik jarraitzen du. Azkenengo zazpi jardunalditik bost partida galdu ditu, bat berdindu eta garaipena bakarra lortu du. Realaren aurka ez du inongo aukerarik izan, eta 4-0 galdu du. Talde txuri-urdinak erakustaldia eman du, eta Manchester Uniteden aurka jasotako gol zaparrada bueltatu dizkio talde arabarrari.

Azkenengo zazpi jardunalditik bost partida galdu ditu Alavesek, bat berdindu eta garaipena bakarra lortu du

Lehen zatian, Alavesek oso itxura ona eman du. Presioa goialdean egin du, eta Realak arazoak izan ditu behar bezala baloia ateratzeko. Ez bata ez bestea ez dira gauza izan gol aukerarik sortzeko. Horren ondorioz, zelai erdiko jokoa izan da nagusi. Halere, talde arabarrak zorte txarra izan du. Atsedenaldira joateko minutu batzuk falta zirela, Isak aurrelari gazteak Mikel Merinok egindako pase bikaina saretara bidali du, eta 1-0koa jarri du markagailuan. Atzealdean egindako bakarra gola izan da.

Gauzak erabat okertu egin dira bigarren zatia hasi eta gutxira. Berriz ere, Isak aurrelariak ondo baliatu du sakonean egindako pasea eta bigarrena egin du. Gol honek min ikaragarria egin dio Alaves taldeari. Izan ere, taldea erabat ilusionaturik atera da, eta berdinketaren bila buru-belarri ari zenean zaplaztekoa jaso du. Hortik aurrera, Realaren nagusitasuna erabatekoa izan da. Patxadaz oso ondo erabili dute baloia, eta golak 62. eta 72. minututan etorri dira, markagailua borobiltzeko.

Alaves bigarren zati osoan ezinean aritu da; ez du inongo aukerarik izan

Alaves bigarren zati osoan ezinean aritu da; ez du inongo aukerarik izan. Abelardok aldaketak egin ditu, baina taldea erabat etsita zegoen. Dena den, oraindik orain, taldea jaitsiera postuetatik puntu batera dago. Ibilbidea kaxkarra izan arren, esperantzarako arrazoiak badaude. Halere, porrot hauek jaso ondoren, hurrengo neurketa oso garrantzitsua izango da.

Datorren larunbatean, otsailaren 27an, 18:30ean, Mendizorrotza futbol zelaian hil ala biziko partida izango da Osasuna taldearen aurka. Bi taldeak egoera kaxkarrean daude, eta, gainera, aurkari zuzenak dira. Beraz, berebiziko garrantzia izango du neurketak. Ea talde gorritxoen aurka Alavesek garaipena lortzen duen!

Hamaikakoak

  • Reala: Remiro; Gorosabel, Le Normand, Zubeldia, Monreal; Illarramendi (57’. Guevara), Mikel Merino (65’. Guridi), Silva (80’. Merquelanz); Portu, Oyarzabal (80’. Januzaj) eta Isak (65’. Bautista)
    • Txartel horiak: 51’. Mikel Merino, 54’. Illarramendi, 85’. Bautista
  • Alaves: Pacheco; Tachi, Lejeune, Laguardia, Martin; Edgar Mendez (69’. Burgui), Manu Garcia, Tomas Pina (69’. Pere Pons), Cordoba (57’. Pellistri); Deyverson (57’. Lucas Perez) eta Joselu (80’. Guidetti).
    • Txartel horiak: 52’. Manu Garcia, 61’. Tomas Pina.

Golak

  • 1-0: 41’. Isak
  • 2-0: 48’. Isak
  • 3-0: 62’. Isak
  • 4-0: 72. Portu

Reale Arena futbol zelaiko harmailak

Ikuslerik gabe. Partidak joan eta partidak etorri, baina oraindik orain asko falta da zaleak futbol zelaietan izateko. Alavesek elastiko beltza erabili du eta Realak ohikoa. Pellistri jokalari gazteak, talde arabarrak egindako azken fitxaketak, debuta egin du. Manu Garciak 300 partida jokatu ditu, klubean historian partida gehien jokatu dituen bigarren jokalaria da; Astudillo baita gehien jokatu dituena.

Etxeko besaulkitik partidari begira

  • Partida oso garrantzitsua Alavesentzat. Ea garaipena lortzen duten! Hamaikakoan aldaketak. Duarte min hartuta deialditik kanpo gelditu da, eta hasieratik Deyverson arituko da Lucas Perezen ordez.
  • Beno, bada, hasiera ona eman dio partidari. Oso ondo, presioa eginez hor goialdean. Ea taldeak aukera izaten duen gola egiteko eta gero kontraerasora jokatzeko.
  • Ondo ari dira presioa eginez, Realari asko kostatzen zaiolako baloia behar bezala ateratzea. Minutuak aurrera doaz eta taldea gero eta hobeto. Gol aukera gutxi baina, tira, momentuz hori da taldeak egin behar duena.
  • Hau pena! Gol, Realaren gola. Lehen zatia amaitzear zegoela eta gola. Defentsan oso, oso gaizki. Merinoren pase bikaina eta saretara.
  • Ze pena! Orain bigarren zatia oso osorik berdinketa egiteko. Galtzak bete lan.
  • Gol, bigarrena. Berriz ere, Isak egindakoa. Orain partida oso zaila jarri da. Atzealdean era honetako akatsak egiteak horixe dakar. Maldan gora. Abelardok gauzak aldatu beharko ditu.
  • Ez dago ezer egiterik. Gol, hirugarrena eta nork Isak. Aurrelari gaztea erakustaldia ematen ari da. Hat tricka lortu du.
  • Hau desastrea! Taldea erabat etsita. Besoak jaitsita eta ea ahalik eta lasterren partida amaitzen den.
  • Ufff, Gola, laugarrena. Jipoia, jipoia galanta. Seguru zuloan sartuko garela.
  • Beno, bada, ea ahalik eta lasterren amaitzen den partida. Partida kaxkarra, batez ere, bigarren zatian.
  • Partidako gauza on bakarra Pellistri gaztearen debuta izan da.
  • Beno, hurrengo derbia irabazi egin beharko dugu. Osasunaren kontra, garaipena lortu behar da. Bestela, mistela!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide