Iñaki Gurtubai

"Antzokia partekatuta kudeatu ahal izateko formula bila ari gara"

Anakoz Amenabar 2021ko ots. 20a, 08:00

Iñaki Gurtubai Gasteizko Euskara zinegotzia. / Erlantz Anda

Gasteiz Antzokiko obrak abian dira Errementari kaleko Ruiz de Bergara jauregian. Egitura lanak egiteko lau hilabeteko epea eta obra guztia amaitzeko 18 hilabeteko tartea izango da; bien bitartean, Kafe Antzokia eta Euskararen Etxea izango direna Elkargunearekin batera lantzen ari dela azaldu du Gurtubaik.

Tarte batez bada ere, Gasteizko Ogasun zinegotzi modura eta Giza Baliabideen Saileko zinegotzi modura dituen lanak eta elkarrizketak alde batera utzi, eta Euskara zinegotzi gisa dituen beharrak azaldu dizkio ALEAri Iñaki Gurtubaik (Bilbo, 1964). Gazteak euskarara erakartzea du lehentasunen artean, horretarako euskara eskaintza zabalean "arreta jarrita". Horrekin batera, 2022rako prest izan daitekeen Gasteiz Antzokia du eginbehar nagusia; Elkargunearekin batera, proiektuari forma eman eta kudeaketa eredua zehaztu beharko dute. 

Agendari erreparatuta, nolakoa da Udalean egunerokoa Euskara zinegotzi modura? Tarterik uzten dizute beste sailek?

Egia da oso arlo potenteak direla, eta dedikazioa behar dela. Giza Baliabideetan, Ogasunean eta baita Euskaran ere. Ogasunak lan handia ematen du, baina are handiagoa Giza Baliabideeen Sailak; kontuan izan, Udalak 3.000 funtzionario dituela, eta hori kudeatu egin behar da. Egia esan, gauza asko dira, eta saiatzen naiz ahal dudan neurrian denbora hiru arloetan banatzen, baina zaila da.

Zeintzuk dira Euskara Zerbitzuaren lehentasunak hurrengo urteei begira?

Bi helburu nagusi dauzka. Alde batetik, administrazio honetan euskara lan hizkuntza bihurtzea nahi dugu. Gure administrazioa elebiduna izan dadin nahi dugu, baina benetan; euskara normaltasunez egiteko gaitasuna eta erabileran lan hizkuntza izatea da helburua. Eta bigarren xedea, ahal den neurrian, gizarte honetan eragitea euskara hizkuntz normalizatua izan dadin; horretarako, hori bultzatzeko, ekintza sorta daukagu.

Barnera begira, Udalean euskara entzuten da?

Ezagutza gero eta handiagoa da, funtzionario euskaldun asko dauzkagu, euskaraz egiteko gaitasuna asko hobetu da azken urteetan, baina jauzi bat egin behar dugu derrigor: erabileran. Besteak beste, funtzionario euskaldunen merituak indartu nahi ditugu, beste lanpostu batera mugitzerako garaian euskarari ematen zaion balorazioa oso txikia delako egun; hori aldatu nahi dut. Asko daukagu hobetzeko. Gobernu batzarrak, esaterako, normalean erdaraz egiten ditugu denon artean, baina aldaketa txikiak ere ematen ari dira zinegotzi euskaldun asko dagoelako. Ana Oregi edo Igor Salazarrekin, esate baterako, beti egiten dut euskaraz. Eta alkatearekin bietara; gaiaren arabera, euskaraz edo gaztelaniaz. Gaia juridikoa bada, adibidez, nik ere erraztasun handiagoa daukat gaztelaniaz, eta hala egiten dugu. Baina egunerokoa euskaraz izaten da. Alkate euskalduna eta euskaltzalea daukagu, eta gure barneko funtzionamenduan euskararen bultzatzaile nabarmena gainera.

"Euskalgintza antolatuaren babesa faltan bota izan dut Errege Magoen aferan"

Kanpora begira, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana daukazue, hainbat atal biltzen dituena.

Euskara sustatzeari dagokionez, helburu asko daude, baina guk uste dugu lehentasunak ondo markatu behar ditugula. Gasteizen bereziki ume  eta jende gaztearen artean euskaldun asko dauzkagu, jakintza eta ezagutza nahiko hedatua da, baina ezagutza hori erabilera bihur dadin lan egin behar dugu, eta hor jarri behar dugu arreta. Horregatik ekintzen zati handi bat gazteei zuzenduta dago. Eta gazteez ari garenean aisialdia oso inportantea da, kultura, kirola oso inportantea da.    

Gazteen %80 inguru euskaldunak dira, baina ez da erabileran nabaritzen. Ekintza sortarekin nahikoa da?

Jende gaztea elebiduna da, hori kontuan izan behar dugu, eta beraz aukera dute ekintza batera edo bestera joateko. Eskaintza hori oso erakargarria izan behar da, eta horretan jartzen ari gara arreta. Eskaintza zabala oso inportantea da, eta ekintzen kalitatearekin erakarri behar ditugu. Beste alde batetik, sare sozialak ere elementu garrantzitsua direla uste dut, eta horietan ere esfortzu berezia egin nahi dugu. Egia da erabilera txikia dela, txikiegia... Ez dago gure esku bakarrik, hori egia da, baina ahalegina egingo dugu. Legealdia amaitzerako, nire ametsa jauzi bat ematea da, oraingo datuak bikoiztea euskararen erabileran, egungo %4tik %8ra pasako garela pentsatu nahi dut.

Zabalgana eta Salburua izan daitezke gazte gehien biltzen dituzten auzoak. Esfortzu berezia egiten duzue horietan?

Gure eskaintza hiri osoari begirakoa da, baina egia da beharbada erdigunean direla horietako asko. Beste auzune batzuetara zabaltzea pentsatu behar dugu. Bestalde, euskara talde inportanteak daude horietan, eta Elkargunearen bitartez saiatzen gara horiekin harremana izaten; funtsezko elementua da Euskararen Elkargunea. 

"Ezagutza erabilera bihur dadin lan egin behar dugu; eskaintza erakargarria egin behar dugu"

Krisi honekin, kolokan izan daitezke euskalgintzari lotutako hainbat proiektu.

Udalean argi daukagu gu laguntzeko gaudela, eta proiekturen batek arazoak baldin baditu laguntza emango diogu, egitasmo hori interesgarria eta baliagarria dela uste badugu. Euskara sustatzen duten proiektu guztiak laguntzea, sustatzea eta ahal dugun neurrian babestea da gure asmoa. Alde horretatik, aurtengo aurrekontua ez da jaitsi, kontuan hartuta diru sarrerak jeitsi egin direla krisia dela eta. Euskararen aurrekontua mantendu egin dugu, eta uste dut albiste ona dela.

Azken egunetan polemika izan da Errege Magoen aldaketarekin. Elebidunak izango dira 2021eko Gabonetatik aurrera.

Ados nago alkateak hartu duen erabakiarekin. Lagun batzuek erregeen papera egin dute 40 urtez, eta eskertu egin behar dugu egin duten lana, baina argi dago horiek hutsune bat zeukatela euskaraz aritzeko gai ez zirelako. Haien lana nori zuzendua den kontuan izan behar dugu gainera, ume eta gazteei, eta hiri honetan ume gehienak euskaldunak dira; egoera hori izanik, argi dago Udalak eskaintza bat eman behar duela Errege Magoen inguruko ekintzak eta bestelakoak elebidunak izan daitezen, derrigor. Hor ez dugu dudarik, eta uste dut hau zela momentua aldaketa egiteko. Hurrengo Erregeak elebidunak izango dira. Badakigu erabaki horren kontra alderdi politiko zehatz batek alkatearen aurkako kanpaina moduko bat bultzatu duela, baina gu alde horretatik oso lasai gaude. Egin beharrekoa zen. Modu pertsonalean Gasteizko euskaltzale askok babestu dute alkateak hartutako erabakia baina neurri batean faltan bota izan dut euskalgintza antolatuaren babesa erabaki horrekin, uste dut pixkat atzera geratu dela.

Gazteak "euskarara erakartzea" da lehentasunetako bat Udaleko Euskara Zerbitzuan. / E. Anda

Beharbada erabakia "normaltzat" jo dutelako eta ez diotelako bestelako garrantzirik eman? Hainbeste azalpen ematea beharrezkoa zen?

Beharbada duela urte batzuk hartu beharrekoa erabakia zen. Baina erabakia hartu eta kontra publikoki jende asko agertu da, bereziki alderdi politiko bat modu nabarmenean. Horregatik uste dut komenigarria izango zela hor euskaltzaleak ere modu publikoan esatea hau normala dela eta umeek eskubide osoa dutela horretarako, kasu honetan Erregeen ekitaldietan euskara hizkuntza normal baten moduan entzuteko.

Hasi dira Gasteiz Antzokiaren obrak... Nolako ekarpena egingo dio hiriari?

Tira, hamaika urtetan proiektuarekin gora eta behera ibili eta gero, garaia zen. Azkenean errealitate bilakatzen ari da, eta hori ere nabarmendu behar da; hau jende askori esker errealitate bilakatu da, eta garbi dago alkate honi esker ere izan dela. Obrak bidean daude, eta aurretik 18 bat hilabete ditugu, eta, bien bitartean, proiektua pentsatzen hasi behar dugu, eredua badugun arren. Orain arte ere izan da Euskararen Etxea, baina euskararen lekua erreferentzia izatea nahi dugu; ostalaritza leku bat, kafe antzoki bat kontzertuak eta bestelakoak eskaintzeko, eta euskararen etxea izango dituen gune bat. Euskaltzale eta euskaldun guztiei irekitako leku bat izango da, eta ez hori bakarrik, hiri osoarentzat irekia izango den proiektu kulturala. euskaraz egiten den kultura izango da erreferentzia nagusia, noski. Harremanetan gaude Jaurlaritzarekin, Diputazioarekin eta beste elkarte batzuekin, pribatuekin ere, haiek egitasmoan nola parte hartuko duten ikusteko. Ez da bakarrik Gasteizerako proiektu bat, Arabara begirako proiektua ere bada.

Kudeaketa eredua zein den erabakitzeko dago?

Antzokia partekatuta kudeatu ahal izateko formula bila gabiltza, Elkargunearekin batera. Argi daukagu eraikina eta proiektua Udalarena dela, beste erakunde batzuekin partekatuta, baina erantzukizun nagusia Udalarena da. Baina argi dugu, baita ere, euskalgintza kontuan hartu gabe honek ez duela inolako zentzurik, eta horregatik guretzat oso inportantea da Elkargunean parte hartzen duten talde guztiak hasieratik proiektu honen parte izatea. Kudeaketa partekatu bat lortzeko, forma juridikoak aztertuko ditugu.

Edukiz bete beharko da ostean? 

Euskararen Etxea egon badago, beraz, bada martxan dagoen proiektu kultural bat, alde batetik. Antzokia bera izango da, beste alde batetik, eta horretan hainbat erreferente ditugu Euskal Herrian, eredu onenak hartu behar ditugu. Azpeitian, esaterako, eredu interesgarri bat dugu; alde nabarmenak daude Gasteiz eta Azpeitia artean, besteak beste, oso herri euskalduna delako Azpeitia, baina kontuan izan daiteke.

Bideragarritasun ekonomikoa bermatuta izango da hurrengo urteetan?

Udalaren babesa baldin badu, beti izango da bermea. Euskararen proiektu kulturala ziurrenik ez da errentagarri izango, eta ez du zertan errentagarri izan, baina lortu behar dugu ostalaritza zerbitzua eta Antzokia bera errentagarriak izan daitezen ekintza kulturalak ordaintzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago