Itxaso Etxebarria EH Bilduko legebiltzarkideak HABEk Trebiñun sortu duen arazoa konpon dezala eskatu dio Jaurlaritzari, zonalde horretan ere euskara ikasteko eskubidea bermatzeko.
Izan ere, euskara ikasteko HABEk urtero ematen dituen diru laguntzak eskuratzeko aukera izan dute orain arte Trebiñuko biztanleek, baina orain aukera hori galdu dute, HABEk laguntza horiek jasotzeko baldintzak aldatu dituelako.
Orain arte, HABEren euskaltegi batean edo zentro homologatu batean matrikulaturik egotea nahikoa zen diru laguntza jasotzeko. Baldintza berrien arabera, ordea, EAEn erroldaturik egotea ezinbesteko baldintza izango da.
"Larria eta ulertezina"
Horrek Trebiñuko herritarrak "zigortzen" dituela uste du EH Bilduk, "diru laguntza horietatik kanpo uzten dituelako". Beraz, EH Bilduko legebiltzarkideak azalpenak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari, baita HABEren erabakia zuzentzeko ere. "Bistan da ez dela kontuan hartu Trebiñuko euskara ikasleei egin zaien kaltea", adierazi du Etxeberriak.
Legebiltzarkideak Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari exijitu dio "argitu dezan Trebiñuko euskara ikasleei zuzendutako berariazko diru laguntzak bideratzea aurreikusita ote duen, larria eta ulertezina baita orain ikasle horiei laguntzak ukatzea, HABEren deialdi horren helburua euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea baldin bada".