Arabar gehiagorengana iritsiko da Rentafacil, baita etxebizitza alokairuan dutenengana ere

Erredakzioa 2021ko ots. 19a, 12:25
Ostiral honetan errentaren kanpaina aurkeztu du Itziar Gonzalo Ogasun diputatuak. / AFA

Digitalizazioan urratsak ematen jarraitu nahi du Aldundiak. Hortaz, etxeetara bakarrik aitorpena aurrez egin dela eta emaitza jakinarazteko abisua bidaliko da. Zergadun bakoitzak Rentafacil webgunean ikusi ahal izango du zirriborro osoa.

Apirilean hasiko den errentaren kanpaina digitalizatzeko bidean, Arabako Foru Ogasunak handitu egingo du Rentafacil jasotzen duten zergadunen kopurua, talde horretara sartuko baitira alokairuan bizi direnak eta etxebizitza bat alokatuta dutenak ere. Hori da Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak ostiral honetan iragarri dituen berritasunetako bat.

"Ezohiko garaia bizitzen ari gara, pandemiaren eta herritarrak babesteko beharrezkoak diren neurrien ondorioz. Egoera honetan, berebiziko garrantzia hartu du digitalizazioak", azaldu du foru diputatuak. "Hori zen gure apustua Covid-19a iritsi aurretik ere, baina krisi honek erakutsi digu prozesua azkartu beharra dagoela. Herritarrei zerbitzu azkar, seguru eta errazagoa eskaini ahal izateko gure erakundeak modernizatu behar ditugu, eta horretarako, teknologia berriak gure aliatuak dira".

Hortaz, Rentafacil sistemara sartuko dira etxebizitza alokairuan duten arabarrak; bai maizterrak, bai alokatzaileak. Horiek Foru Ogasunaren posta abisu bat jasoko dute, jakinarazteko aitorpena aurrez egin dela, eta aldundiaren web orrira sartu beharko dira etxebizitzari buruzko datuak osatzeko; hau da, alokairuaren ondoriozko etekinak edo kenkariak.

Lehendik ere Rentafacil jasotzen zuten gainerako zergadunei dagokienez ere badago berritasunik. Izan ere, aurten, aitorpenaren zirriborro osoa etxera bidali ordez, Foru Ogasunak abisua eta azken emaitza baino ez ditu bidaliko. Ondoren, ordenagailutik edo mugikorretik zuzenean onartu ahal izango da, orain arte bezala. Aitorpen osoa ikusteko aukera ere izango da, web orriaren bidez.

BAK gakoak

Aitorpenaren zirriborro osoa ikusteko edo alokairuko etxebizitzari buruzko datuak sartzeko, BAK gakoen edo beste ziurtagiri digital baten bidez identifikatu beharko da.

Gaur egun, 70.000 arabarrek baino gehiagok aktibatuta dute BAK ziurtagiri digitala. Oraindik ez dutenei izapide hori errazteko, Foru Ogasunak gako horiek aktibatzeko kodea emango du etxeetara bidaliko den abisu gutunean.

Horrez gain, Foru Ogasunak beste aukera batzuk ere aurreikusi ditu teknologia berriak erabiltzeko zailtasunak dituztenentzako. "Urratsak egin nahi ditugu digitalizaziorantz, baina inor atzean utzi gabe", adierazi du Gonzalok. Horregatik, aukera emango da Rentafacil telefonoz onartzeko, eta aitorpenaren zirriborro osoa etxera bidaltzeko ere eskatu ahal izango da.

Rentared, gorantz

Halaber, Foru Ogasunak Rentareden aldeko apustuarekin ere jarraitzen du. Modalitate horretan, zergadunek eurek egiten dute aitorpena ordenagailutik. "Rentared aukera ona izan zen zergadun askorentzat konfinamendu garaian. Modalitate horrek aukera ematen digu gure aitorpena edozein egun eta ordutan egiteko. Etengabe irekita dagoen Ogasuneko leihoa balitz bezala", gogorarazi du Itziar Gonzalok.

Tresna hori erabili zuten zergadunen kopurua bikoiztu egin zen 2020an. "Hurrengo kanpainetan gero eta arabar gehiagorentzat tresna erabilgarria izaten jarraituko duelakoan nago, aukera erraza, segurua eta erosoa baita", adierazi du Ogasun Saileko foru diputatuak.

Arreta bulegoetan

Azkenik, Foru Ogasunak Gasteizen, Laudion eta Guardian dituen bulegoetan arreta ematen jarraituko du. Horretan ere berritasunak egongo dira: besteak beste, zerbitzu hori erabiltzeko baldintzak. Aurreko kanpainetan bezala, zergadun guztiak joan ahalko dira bulegoetara, salbu jarduera ekonomikoa egin dutenak, ohiko etxebizitza saldu dutenak eta higiezinak edo akzioak saltzeko hiru eragiketa baino gehiago egin dituztenak.

Aurten, honako hauek ere ezingo dute aitorpena Ogasunaren bulegoetan egin: kotizatu gabeko merkataritza sozietateen partaidetzak saldu dituztenek, lonjak eta apartamentu turistikoak alokatzearen ondorioz kapital higiezinaren etekinak lortu dituztenek eta 80.000 eurotik gorako lan etekin osoak jaso dituztenek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide