Talde errusiarra aurrekontu handiko taldea da, jokalari entzutetsu asko dituena eta denboraldi hasierako aurreikuspenetan Top8aren lehian kokatzen zen. Jakina da ordea diruak ez duela garaipenik ematen, eta horiek kantxan lortu beharra dagoela. Azken batean Moskuko Khimki da aurtengo Euroliga sailkapenean talderik ahulena, bi partida bakarrik irabazita. Partida aurretik, sailkapenari erreparatuta, Baskoniak garaipena lortzeko aukera asko zuela pentsa zitekeen, eta, zorionez, hala izan da gasteiztarrentzat.
Gasteiztarrek ez dute partida disdiragarririk jokatu, ezta gutxiagorik ere. Baina garaipena lortzeko behar zutena egitera mugatu dira Ivanovicen mutilak. Joko errraza egin dute gasteiztarrek. Barne jokoan izan zezaketen nagusitasuna baliatu dute, eta baloia batetik bestera mugitzen asmatu dute jaurtiketa aproposaren bila. Taldeak ez du aparteko defentsa lanik egin, baina Khimkik ere ez du garaipen goserik erakutsi.
Garaipen garrantzitsua Baskoniarentzat. Zalgiris eta Real Madrilen kontra lortutakoen ondoren, taldeak jarraian lortzen duen hirugarrena. Gaurkoari esker, taldeak beste pauso txiki bat eman du eta zortzi onenen artean sailkatzeko ametsak bizi jarraitzen du. Belgradoko Izar Gorriaren kontra izango du hurrengo lehia, datorren ostiralean.