Koronabirusa

Lantaron, eremu gorrian dagoen Arabako udalerri bakarra

Erredakzioa 2021ko ots. 18a, 14:00

Lantaronek 877 biztanle inguru ditu. / AÑANA TURISMO

Arabako egoerak hobetzen jarraitzen du, eta intzidentzia tasa metatua 367koa da une honetan. Aramaio eremu gorritik atera da, baina Lantaron sartu da eta eskola kirola eten beharko du, gutxienez asteartera arte.

Arabako intzidentzia tasa metatuak behera egiten jarraitzen du: une honetan 367,04koa da; hala ere, azken 24 orduetan 81 positibo berri atzeman dira lurraldean, aste honetako daturik txarrena. Kasu horietako 59 Gasteizen atzeman dira, eta hiriburuko intzidentzia tasa metatua 400ekoa da une honetan.

Azken egunetan beheranzko joera mantendu da, eta lurralde osoak zein hiriburuak eremu gorritik kanpo jarraitzen dute.

Lantaron, eremu gorrian

Ostegun honetan udalerrien egoeraren inguruan Osasun Sailak plazaratutako azken ebazpenaren arabera, hainbat aldaketa izan dira: Lantaron eremu gorrian sartu da, 529,10eko intzidentziarekin, azken astean hiru positibo atzeman direlako; eta eremu gorrian zegoen udalerri bakarra, Aramaio, bertatik atera da, 1689,19ko intzidentzia tasa duen arren, azken egunetan kasu gutxi atzeman direlako soilik bi azken zazpi egunetan.

Horrenbestez, Lantaronen eskola kirola etenda mantenduko da, ostiraletik asteartera.

Bitartean, 5.000 biztanletik beherako udalerriei dagokienez, bederatzi udalerritan 500etik gorakoa da intzidentzia tasa metatua, baina lurraldeko egoera orokorrak hobetzen jarraitzen du:

  • Añana: 1.117,32
  • Aramaio: 1.689,19
  • Armiñon: 896,86
  • Gaubea: 845,86
  • Iruraiz-Gauna: 915,75
  • Moreda: 1.115,24
  • Urizaharra: 694,44
  • Urkabustaiz: 551,72
  • Zalduondo: 507,61

 

Testak eta ospitaleak

EAEko egoera orokorrari dagokionez, asteazken honetan 11.343 test diagnostiko egin ziren; horietatik 563 positiboak izan ziren (%5,0). Oinarrizko birsorkuntza tasa 0,81ekoa da une honetan, bai EAEn eta baita Araban ere.

Ospitaleen egoerari dagokionez ere, egoera hobetuz doa. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:

  • 68 pertsona ospitaleratu dituzte Covid-19aren ondorioz.
  • 413 lagun daude Osakidetzako solairuetan; horietako 49 Arabako Unibertsitate Ospitalean.
  • 153 pertsona ZIUan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik; horietako 20 Arabako Unibertsitate Ospitalean.
  • Guztira, 566 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz; horietako 69 Araban.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago