Arabako egoitza eta etxebizitza komunitario pribatuetako langileek greba egin dute

Erredakzioa 2021ko ots. 17a, 17:40
Egoitza pribatuetako langileen giza katea Aldundiaren egoitzara iristen. / ALEA

Bi greba egunetako lehena egin dute Arabako egoitza zein etxebizitza komunitario pribatuetako langileek; hurrengoa martxoaren 24an izango da. Aldundia hitzarmenaren negoziazioaren "parte aktiboa" izatea exijitu dute.

Arabako egoitzetako langileek bi urte daramatzate lurraldeko hitzarmen duin baten alde borrokatzen. Urtarrilaren 11n, hainbat enpresak langileen ordezkariekin biltzeko gonbidapena onartu zuten, balizko hitzarmenari buruz hitz egiteko.

ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek osatutako langileen ordezkaritzak azaldu duenez, bilera horretara ez ziren joan deituta zeuden egoitza guztietako ordezkariak; zazpi deitu zituzten —Albertia, Agure, Tagore, Iruña, Gorbea, Orobide eta Lorea, baina soilik lau bertaratu ziren.

Hala ere, sindikatuek azaldu dutenez, bertaratutako enpresek onartu zuten probintzia mailako hitzarmenaren beharra. Gaur egun, ordea, Arabako egoitzen patronala osatu gabe dago; eta horixe da, hain zuzen ere, sindikatuen eskakizun nagusietako bat, modu antolatu batean negoziatu ahal izateko.

Bitartean, enpresek adierazi dute ez dituztela elkarrizketak hasiko "Aldundia hitzarmenaren negoziazioaren parte aktiboa ez den bitartean".

Testuinguru horretan, protestekin jarraitzeko erabakia hartu dute, eta bi greba egun deitu dituzte epe motzean. Lehenengo hitzordua asteazken honetan izan dute, eta Gasteizko udaletxetik Aldundiak Probintzia plazan duen egoitzaraino eraman dute protesta. Nobedaderik ez badago, martxoaren 24rako ere greba deitu dute.

Egoitza pribatuetako langileen giza katea Eusko Legebiltzarraren parean. / ALEA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide