Bi greba egun deitu dituzte Arabako egoitza eta etxebizitza komunitario pribatuetan

Erredakzioa 2021ko ots. 16a, 16:51

Egoitza pribatuetako langileen protesta bat Aldundiaren aurrean. / ELA sindikatua

Otsailaren 17an eta martxoaren 24an grebara joko dute Arabako egoitza zein etxebizitza pribatuetako langileek. Salatu dutenez, ordezkaritza handieneko egoitzekin bildu ondoren, egoera berean jarraitzen dute, "aldaketa zantzurik gabe".

Arabako egoitzetako langileek bi urte daramatzate lurraldeko hitzarmen duin baten alde borrokatzen. Urtarrilaren 11n, hainbat enpresak langileen ordezkariekin biltzeko gonbidapena onartu zuten, balizko hitzarmenari buruz hitz egiteko.

ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek osatutako langileen ordezkaritzak azaldu duenez, bilera horretara ez ziren joan deituta zeuden egoitza guztietako ordezkariak, eta bertaratu zirenek ez zuten interesik erakutsi lurraldeko patronala osatzeko; horixe baita sindikatuen eskakizun nagusietako bat, modu antolatu batean negoziatu ahal izateko. "Aitzitik, diputazioa kritikatu zuten egoitza pribatuak ez finantzatzeagatik", deitoratu dute.

Testuinguru horretan, protestekin jarraitzeko erabakia hartu dute, eta bi greba egun deitu dituzte epe motzean. Lehenengo hitzordua asteazken honetan izango dute, hilaren 17an; 11:00etan giza-kate bat osatuko dute, eta Gasteizko udaletxetik Aldundiak Probintzia plazan duen egoitzaraino eramango dute protesta. Martxoaren 24rako ere greba deitu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago