Eusko Jaurlaritzak udalerrien konfinamendua malgutu du otsailaren 15etik aurrera, eta gutxienez martxoaren 5era arte. Besteak beste, mugakide diren herrietara joatea baimenduta dago, jarduera sozioekonomikoak eta aire zabaleko kirola egiteko.
Galdera eta erantzunekin hasi aurretik, mapa honetan kontsultatu dezakezu zeintzuk diren Arabako udalerri mugakideak. Adibidez, Gasteizko udalerri mugakideak honako hauek dira: Arratzua-Ubarrundia, Badaiako Mendizerra, Barrundia, Bernedo, Burgu, Iruña Oka, Iruraiz-Gauna, Trebiñu, Zigoitia eta Zuia.
Jarraian, neurri berriek sortutako zalantza zehatzen inguruan Eusko Jaurlaritzak emandako gidalerroak. 86 galdera, bost ataletan banatuta; oinarrizko galderak, mugikortasuna, ostalaritza, kirola eta besteak:
OHIKO GALDERAK ETA ERANTZUNAK
Oinarrizko galderak
1. Indarrean jarraitzen al du lau pertsonatik gorako taldeetan espazio publiko eta pribatuetan egoteko mugak? Bai, bizikideak izan ezik.
2. Indarrean jarraitzen al du EAEn sartzeko eta irteteko mugak? Bai.
3. Udalerrien konfinamenduak indarrean jarraitzen al du? Bai. Mugatu egiten da bizilekua duten udalerriko barruti bakoitzeko pertsonen sarrera eta irteera, 7/2021 Dekretuaren 2. artikuluko 4. paragrafoan jasotako salbuespen orokor edo partikularrekin. Nolanahi ere, mugakide diren eta ohiko joan-etorriak dituzten udalerrien arteko mugikortasuna baimentzen da, lurralde historikoa edozein dela ere, gizarte, ekonomia eta kirol jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko.
4. Udalerri mugakideen arteko joan-etorriak egin daitezke gizarte, ekonomia eta kirol jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egiteko? Bai.
5. Zer da jarduera sozioekonomikoa? Mugakide diren udalerrien artean egin ohi diren jarduerak, eta 2.2 artikuluan jasotako salbuespenen barruan sartzen ez direnak; esaterako, supermerkatura, tindategira, jatetxera, haurtzaindegira eta mugakide den udalerrian ohiko moduan egin daitezkeen harreman sozial edota ekonomiko guztiak.
6. Zer da udalerri mugakidea? Itsasadarra bi udalerrien artean badago, zilegi da mugitzea? Adibidez: Erandio eta Bilbo edo Getxo eta Portugalete), 2.3 artikuluan justifikatutako kasuetan. Bizilekuaren ondoko udalerria da, eta zuzenean sartzen da bertara, beste udalerri batzuetatik igaro gabe. Adibideari dagokionez, onartzen da Erandio eta Bilbo artean edo Getxo eta Portugalete artean mugitzea.
7. Zein alde dago intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiago duen udalerri baten edo hori baino gutxiago duen udalerri baten artean? Intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 kasu edo gehiago duten udalerrietan, bertan behera geratzen dira eskola kirola eta taldeko kirola, bai entrenamenduan, bai lehiaketan. Salbuespen hauek daude: lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak, gimnasioetan, kirol klubetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak, eta jarduera fisikoa eta kirol jarduera aire zabalean eta gehienez sei pertsonako taldeetan egitea.
8. Nola jakin dezaket zein den nire udalerriko intzidentzia-tasa metatua? Astelehenetik ostiralera, Osasun Sailak buletin bat argitaratzen du bere webgunean, osasun-datu guztiak eguneratuz. Gainera, astero, astelehenetan eta ostegunetan, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpen bat zabaltzen da, 100.000 biztanleko 500 kasu edo gehiagoko intzidentzia-tasa metatua duten udalerrien zerrendarekin (eremu gorria), eta eragina dauka hurrengo egunetik aurrera.
9. Nola justifikatu daitezke irteerak udalerritik? Beheko eranskinean erantzukizunpeko adierazpenaren eredu bat eskaintzen da, eta eredu hori erabil daiteke lekualdaketaren arrazoia egiaztatzeko, beste modu batetik justifikatu ezin bada.
10. Indarrean al dago 22:00etatik aurrera gauez zirkulatzeko muga? Bai.
Mugikortasuna
11. Irten al naiteke EAEtik arrazoi justifikatuengatik? Bai, baimenduta daude behar bezala justifikatutako lekualdaketak, baldin eta urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenetako batengatik gertatzen badira.
12. Mugakide diren eta ohiko joan-etorriak dituzten udalerrien arteko desplazamendua, Lurralde Historikoa edozein dela ere, independentea al da bi udalerriek duten intzidentzia tasa metatuarekiko, banakako gizarte, ekonomia eta kirol jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egiteko? Bai.
13. Joan naiteke ondoko herriko mendira? Bai. Gehienez 6 pertsonako taldean joan zaitezke bizi zaren udalerriko edo ondoko udalerriko mendira.
14. Bost lagunekin gera naiteke bizikletan ibiltzeko inguruko herri mugakideetatik? Bai. Bizilekuaren mugakide diren udalerrietatik bakarrik. Federatutako pertsonak badira, ibilbideak egin ditzakete EAEren lurralde osoan zehar, betiere jatorrizko udalerriak 500 kasu baino gutxiagoko intzidentzia tasa metatua badu 100.000 biztanleko.
15. Atera al naiteke oinez konpainiarekin eta alboko herrietara joan? Bai, bizilekuaren mugakide diren udalerrietara bakarrik.
16. Baratzeetara joan al daiteke? Bai, arrazoi hori dela eta, baratzea dagoen udalerrira joan daiteke, mugakidea den ala ez kontuan hartu gabe, eta bi udalerrietan intzidentzia tasa metatua kontuan hartu gabe.
17. Alboko udalerriko tabernara kafea hartzera joatea jarduera sozioekonomikotzat hartzen al da? Bai.
18. Nire gurasoek bisita dezakete biloba, udalerri berean bizi ez bagara? Ez nahastu "bisita" eta "zainketa". Bisita familiarra bada, bizi garen udalerrian bakarrik egin dezakegu. Adinekoak, adingabeak, mendeko pertsonak, desgaitasuna duten pertsonak edo bereziki ahulak diren pertsonak zaintzera joanez gero, posible da.
19. Joan al daiteke beste Lurralde Historiko batera pertsona bat aireportura, tren edo autobus geltokietara eta abarretara jasotzera edo eramatera? Bai.
20. Dibortziatua naiz. Dibortzio-epaiaren arabera, astean bitan egon naiteke seme-alabekin; baina bizi naizen udalerria ez den beste herri batean bizi dira. Bisita hauek egitera joan naiteke? Seme-alabak zaintzeko joan-etorri bat, dibortzio-epai batean ezarritako araubideari jarraikiz, baimenduta dago, behar bezala egiaztatua”.
21. Beste udalerri bateko finka batean dauden animalia batzuk zaindu eta elikatu behar ditut. Mugitu naiteke? Nola justifikatzen dut? Animaliak artatzeko joan-etorri bat baimenduta dago. Animalien jabetza egiaztatzen duen edozein agiriren bidez justifika daiteke, edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, arreta zein helbidetan emango zaien zehaztuta.
22. Nola justifikatuko litzateke agintaritza baten aurrean beste udalerri batera joan-etorri baten motiboa adinekoen edo adingabeen zaintza dela? Pertsona arduradunak emandako egiaztagiriaren bidez; horretarako, familia-lotura frogatu beharko da eta zainduko den pertsonaren identifikazio-datuak eman beharko dira.Era berean, zaintzailearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiazta daiteke, artatuko den pertsonaren helbidea eta telefonoa zehaztuta.
23. Nire udalerriko supermerkatua txikia da, eta beste udalerri batetik handiago batera joan ohi naiz. Egin dezaket? Elikagaiak edo baimendutako beste produktu batzuk erosteko joan-etorriak bizilekua duten udalerriko edo mugakideko merkataritza-establezimenduetan egin behar dira. Salbuespen gisa, bizileku den herrian ez dauden zerbitzuetarako eta horniduretarako, bizilekua den udalerritik hurbilago dagoen azalera handi edo antzeko batera lekualdatu ahal izango da.
24. Agurainen bizi naiz, eta ohiko ile-apaindegia Gasteizen daukat. Joan naiteke haraino? Ez. Bizilekuaren ondoko udalerrira bakarrik joan daiteke gizarte eta ekonomia jarduerak edo kirol jarduerak egitera. Gainera, bizileku-udalerritik kanpora joateko baimena ematen da, behar bezala justifikatuta, edo zure bizilekuko udalerriak zerbitzu edo saltoki hori ez badu.
25. Urkabustaizkoa naiz, eta Zigoitiara joan ohi naiz erosketak eta bestelako jarduera sozioekonomikoak egitera. Jarrai dezaket egiten? Ez. Zure udalerriak edo mugakideak ez badu zerbitzu edo saltoki hori, hurbilen duzun udalerrira joan zaitezke.
26. Baimenduta al dago oraindik EAEtik igarotzea Euskaditik kanpo lekualdatzeko jatorria eta helmuga duten pertsonentzat? Bai, igarotzea baimenduta dago, baina ez beste inolako jarduerarik.
27. Kantabriakoa naiz, Forondatik hegaldi bat dut: EAEtik sar naiteke edo atera naiteke arrazoi horrengatik? Joan nahiz etorrian, EAEtik pasa daiteke bere helmuga autonomia erkidego honetatik kanpo badago; baina ezin du beste jarduerarik egin EAEn.
28. Joan al naiteke EAEtik kanpo dagoen nire bigarren etxebizitzara? Ez, 926/2020 Errege Dekretuan autonomia-erkidegoen arteko mugikortasuna mugatzeko aurreikusitako salbuespenen batean sartzen bada salbu.
29. Joan al naiteke autonomia erkidego berean dagoen bigarren etxebizitza batera? Ez. Ohiko bizilekua duzun udalerri berean badago bakarrik.
30. Baimenduta al dago adinekoen egoitzetara joatea? Bai, betiere zentroak berak baimendutako bisitak badira.
31. Baimenduta al dago espetxeetara joatea? Bai, baina horretarako Espetxeetako Agintaritzak emandako baimen egokia beharko da.
32. Nola arautzen dira EAEn enklabeak diren udalerriei dagozkien gaiak? Enklabeak diren udalerriek inguratzen dituen Lurralde Historikoaren berezko tratamendua jasotzen dute; adibidez, Trebiñu.
33. Pisu bat dut alokatuta beste autonomia erkidego batean eta giltzak batzera joan behar dut, errentariak etxea utziko baitu. Irten naiteke erkidegotik? Jarduera hori atzeratzerik ez badago, ezinbesteko kasutzat jo daiteke.
34. Nola justifika dezaket joan-etorrien arrazoia? Beste frogabiderik ez dagoenean, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango da. Adierazpen hori sinatutako dokumentu bat da, eta adierazten du Dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela, mugikortasun-mugaren salbuespenak justifikatzeko.
35. Zer gertatzen da dagoeneko bidaiatzeko hegazkin-txartela erosi badugu? Baliogabetu egin behar dugu? Bidaiaren arrazoiaren arabera: bidaiaren arrazoia aisialdia bada, ezin da bidaiatu. Salbuespenetako batengatik bada, hegaldiari eutsi ahal izango zaio, betiere behar bezala justifikatzen bada.
36. Atera dezakegu maskota 22:00ak ondoren? Ez, ezin dugu maskota atera 22:00etatik aurrera eta 06:00ak arte. Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan jasotako salbuespenengatik soilik atera daiteke maskota batekin; esate baterako, larrialdiko motiboren batengatik albaitariarenera eramatea.
37. Gaueko ordutegian pertsonen zirkulazio-askatasunaren muga 22:00etan bada ere, garraio publikoa 23:00etan amaitzen da. Horrek esan nahi du autobusa har dezakedala 22:00etatik 23:00etara? Urriaren 25eko Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan jasotako salbuespenetako batengatik soilik erabili ahal izango da garraio publikoa 22:00etatik aurrera. Adibidez, osasun arrazoiengatik, larrialdi arrazoiengatik edo lanetik irteteko lan ordutegiaren baldintzapean, besteak beste.
Ostalaritza
38. Zer zerbitzu eman dezakete ostalaritza eta jatetxe establezimenduek? Aire zabaleko terrazetan zerbitzuak eskaini ahal izango dituzte, eta barruan ehuneko berrogeita hamarreko edukiera izango dute. Bezero-taldeek ezingo dute mahai bakoitzean lau baino gehiago izan, eta ezingo dira bi mahai edo gehiago batu pertsona-kopuru handiagoko talde baterako. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da etengabe, elikagaiak edo edariak hartzen diren momentuan izan ezik. Nolanahi ere, mahai desberdinetako aulkien artean gutxienez metro eta erdiko distantzia dagoela ziurtatu beharko da.
39. Zer ordutegi dute ostalaritza eta jatetxe establezimenduek? Ostalaritza-eta jatetxe-establezimenduek, zerbitzuguneetako zerbitzuek izan ezik, gehienez ere 20:00etan itxi beharko dute, eta ezingo dute 06:00ak baino lehen ireki.
40. Zerbitzuguneetan dauden ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak irekita egon daitezke 20:00etatik aurrera? Bai. Ezarritako erregimenaren arabera egongo dira irekita, eta 20:00etatik 06:00etara bitartean egon ahal izango dira irekita, baina iragaitzazko erabiltzaileentzat bakarrik.
41. Derrigorrezkoa al da ostalaritza establezimenduetan maskara erabiltzea? Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da etengabe, elikagaiak edo edariak hartzen diren momentuan izan ezik. Barruko establezimendu batean maskara behin eta berriz ez erabiltzea arrisku handiko testuingurua da.
42. Itxi al dezaket 20:00etan establezimenduaren barrualdea eta jarraitu terrazetan bezeroei arreta ematen? Ez. Establezimenduen barrualdea eta kanpoaldea 20:00etan itxi behar dira, bezeroak ateratzea barne.
43. Jaso eta banatu al daitezke janari-eskaerak ostalaritza establezimenduetan? Bai. Eskaerak 21:00ak arte entregatu ahal izango dira, establezimenduan bertan hitzordua eskatuta, eta, edonola, itxita egon beharko da jendaurreko beste edozein zerbitzutarako. Etxez etxeko banaketa 22:00ak arte egin ahal izango da.
44. Ikus al dezakegu taldean futbol partida bat taberna baten barruan? Lehendakariaren abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuak berariaz baztertzen du establezimenduen barruan telebistaz eskaintzen diren kirol ekitaldiak taldean ikustea.Dena den, bezero taldeek ezingo dute mahai bakoitzean lau baino gehiago izan, eta ezingo dira bi mahai edo gehiago batu pertsona kopuru handiagoko talde baterako.
45. Baimenduta al dago barran kontsumitzea? Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea, bai barruan, bai kanpoan, erabiltzaileek mahaian eserita kontsumitu beharko dute.
46. Joko eta apustu establezimendu batera joan naiteke? Bai. Azken 14 egunetan COVID-19 kasu positiboen 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatua 500 baino gutxiago duten udalerrietan, eta gehieneko edukiera ehuneko berrogeita hamarrekoa bada.
47. Zer ordutegi dute joko eta apustu establezimenduek? Establezimendu horiek, gehienez ere, 20:00etan itxi beharko dira, bezeroen hustea barne, eta ezingo dira 6:00ak baino lehen ireki jendearentzat.
48. Baimenduta al dago ostalaritza establezimenduetan jolas edo apustu makinak erabiltzea? Bai, jolasten duen pertsona beti eserita egon behar du, eta joko zein apustu lokaletarako ezarritako erabilera eta higiene baldintza berberetan.
49. Txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak ireki al daitezke? Ez. Txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak itxita egongo dira.
50. %50eko gehieneko edukiera hoteletako eremu komunetan (jantokia, kafetegia, etab.) aplikatzen den 30 pertsonako kopurua baino handiagoa izan daiteke? Dekretuak gehienez ere %50eko edukiera ezartzen du kanpin, hotel eta turismo ostatuen eremu komunetarako, eta gune horietan ezin da inoiz 30 pertsonako muga gainditu aldi berean eta pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia errespetatuz. Ostalaritza-instalazio horietako gainerako aretoek edo jantokiek %50eko gehieneko edukiera errespetatu beharko dute, beren azaleraren arabera, eta jantokien kasuan, jatetxe-zerbitzuei aplikatu beharreko araudia errespetatu beharko dute, edo, bestelako ekitaldiak antolatuz gero, barne-espazioetako bilerei aplikatu beharrekoa. Nolanahi ere, gogorarazten da, 20:00etatik aurrera, hotelek eta bestelako ostatuek ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak ostatu hartutako bezeroei soilik eskaini ahal izango dizkietela.
Kirola
51. Baimenduta al dago eskola kirola? COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiagokoa duten udalerrietan, eskola kiroleko entrenamenduak egin ahal izango dira, eta gehienez ere sei laguneko taldetan antolatuta. Taldea beti pertsona berek osatuko dute, eta ezingo dira aldagelak erabili. Eskola kirolean maskara erabiltzea nahitaezkoa da, bai aire zabaleko kirol jardueretan, bai barruko esparruetan. Igerilekuetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko handiko aparteko uneetan baino ez dira kenduko. COVID-19 kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiago duten udalerrietan, eskola kirola etenda geratuko da.
52. Eta eskola kiroleko lehiaketa? Ez.
53. Ikasleek aldagelak erabil ditzakete? Ez. Aldagelak ezin dira erabili eskola kirolean, erabiltzaileek erabili behar dituzten igerilekuetako aldagelak izan ezik, jakina.
54. Baimenduta al daude eskola kiroleko entrenamenduetarako joan-etorriak? Desplazamenduak baimenduta daude, baldin eta intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 kasutik beherakoa bada, bai jatorrizko udalerrian, bai helmugako udalerrian.
55. Zer kirol jarduera dago baimenduta, intzidentzia tasa metatuaren arabera?
- COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiagokoa duten udalerrietan, federatu gabeko kirol jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta aldi berean 6 laguneko taldeetan, gehienez ere.
- COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiagokoa duten udalerrietan, bertan behera geratzen da taldeko kirol jarduera oro, bai entrenamenduan, bai lehiaketan. Salbuetsita daude, eta, beraz, egin ahal izango dira lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak, gimnasioetan, kirol klubetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak, eta jarduera fisikoa eta kirol jarduera, aire zabalean eta gehienez sei laguneko taldeetan. Azken hori, ingurune naturalean edo hiri-inguru periferikoetan, eta jende pilaketarik gabe.
56. Kendu al dezaket maskara, bakarka, hiri-inguruetan kirola egiten dudan bitartean? Kirol jarduera orotan, nahitaez erabili beharko da maskara. Hauek dira salbuespenak: eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen entrenamenduetan, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko biziko aparteko uneetan.
57. Derrigorrezkoa al da maskara erabiltzea kiroldegi, gimnasio eta barruko esparruetan? Bai
58. Aldagelak eta dutxa-guneak erabil daitezke? Bai, gehieneko edukieraren %30eko okupazioarekin. Halaber, dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banaka erabiltzen badira. Maskara nahitaez erabili beharko da, dutxatzeko unean izan ezik, eta une oro errespetatuko da erabiltzaileen arteko segurtasun distantzia. Aldagelak etengabe aireztatu beharko dira erabiltzen diren bitartean eta, gainera, ireki aurretik eta itxi ondoren. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da eta airearen birzirkulazioa saihestu.
59. Zer ulertzen dugu kirolari erdi profesional diogunean? Egutegi ofizialeko Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan eta Euskal Federazioak antolatutako maila goreneko lehiaketetan parte hartzen duten kirolariak dira, guztiak kategoria absolutuan, eta Estatuko edo nazioarteko lehiaketetan dagokien kategoria absolutua baino beheragoko kategorian. Atal honetan kategoria absolutuko maila goreneko bertoko kirol lehiaketak sartzen dira.
60. Beste udalerri batera joan naiteke partida bat jokatzera? Desplazamendu horiek 3 kasutan baimentzen dira:
- Mugakide diren eta ohiko joan-etorriak dituzten udalerrien arteko mugikortasuna baimentzen da, lurralde historikoa edozein dela ere, gizarte, ekonomia eta kirol jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko.
- Bizilekuaz bestelako Euskal Autonomia Erkidegoko beste udalerri batera mugitzea baimenduta dago, baita mugakideak ez direnetara ere, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean ari diren taldeen entrenamenduetarako eta kirol lehiaketetarako, azken 14 egunetako COVID-19 kasuen intzidentzia tasa metatua edozein dela ere.
- Bizilekua dagoen udalerria ez den beste udalerri batera mugitu ahal izango da, mugakidea ez bada ere, kirol federatuko lehiaketetarako eta entrenamenduetarako, eskola kiroleko entrenamenduetarako, bai eta gimnasioetan, kirol elkarteetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroetarako edo jardueretarako ere, betiere, kasu horietan guztietan, jatorrizko udalerrian zein helmugako udalerrian COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino txikiagoa bada.
61. Baimenduta al dago ehiza jarduera bere modalitate guztietan, bai eta ibaiko eta itsasoko arrantza, kirol-arrantza eta jolas-arrantza ere, modalitate guztietan? Bai, bizi zaren udalerrian eta mugakidean. Nolanahi ere, beti errespetatu behar da pertsonen arteko metro eta erdiko segurtasun distantzia, eta nahitaezkoa da maskara erabiltzea.
62. Publiko gisa joan naiteke kirol ekitaldi batera? Ez. Debekatuta dago jendea kirol ekitaldietara joatea.
63. Gimnasio bateko makina-gelan kirola egin dezaket? Bai, banaka, maskara erabiliz, segurtasun distantzia mantenduz eta baimendutako gehieneko edukiera errespetatuz.
64. Ikastaroak edo jarduerak taldean eskain daitezke? Gimnasioetan, kirol klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak bakarrik egin ahal izango dira, baldin eta maskara erabiliz egiten badira, kanpoan egiten diren jarduera fisiko aparteko uneetan izan ezik. 6 pertsonako taldeetan gehienez, eta edukiera %50era mugatuta badago.
65. Kirolari federatu bat lehiatu daiteke? COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiagokoa duten udalerrietan, lehiaketa profesionalean eta federatuan murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak egin ahal izango dira. COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiagokoa duten udalerrietan lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak egin ahal izango dira bakarrik.
Besteak
66. Musika eta abesbatzen entseguak debekatuta daude oraindik? Etenda jarraitzen dute ahots-musikako entsegu eta jarduera kolektibo ez-profesionalek, hezkuntza arautuan daudenen kasuan izan ezik.
67. Eta dantza taldeenak? Dantza talde ez-profesionalen entseguak baimentzen dira, eta, nolanahi ere, zorrotz errespetatu beharko dira pertsonen arteko segurtasun distantziaren, maskara erabiltzearen eta kontaktu fisikorik gabeko sei laguneko taldeen prebentzio-baldintzak.
68. Zer edukiera errespetatu behar du saltoki txiki batek? 150 metro koadro baino gutxiagoko establezimenduek ezingo dute edukieraren %60 gainditu.
69. Eta azalera handia bada? 150 metro koadrotik gorako azalera duten merkataritza-establezimenduek edukieraren %40ko gehieneko edukiera baimendua izatera igaroko dira, eta, hala badagokio, gehieneko edukiera hori bera aplikatuko zaie merkataritza-guneei solairu eta saltoki bakoitzean, haien azalera edozein dela ere. Merkataritza-guneetako arduradunek neurri nahikoak jarriko dituzte muga hori betearazteko.
70. Joan naiteke ikastera bizitoki dugun udalerrian ez dagoen zentro, akademia edo euskaltegi batera? Nola justifikatuko dut? Egoera hori berariaz jasota dago urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1.c artikuluan, hau da, Unibertsitateetara, ikastetxeetara eta ikastetxeetara joatea, hizkuntza-eskolak barne. Baliozkoa eta nahikoa den edozein dokumenturen bidez egiaztatu ahal izango da.
71. Supermerkatuek edo elikagaien dendek sal dezakete alkohola 21:00etatik aurrera? Eta beranduago ixten badute? 21:00ak eta 8:00ak artean ezingo da alkoholik saldu. Era berean, ezin da bide publikoan kontsumitu.
72. Joan gaitezke bizitoki dugun udalerritik kanpo egiten den hileta, hil-beila edo ehorzketa batera? Eta EAEtik kanpora? Bizitoki dugun udalerrian egiten diren hileta, beila edo ehorzketetara joan gaitezke. Udalerritik eta EAEtik kanpo gertatzen direnetara bigarren mailara arteko senideak joan ahal izango dira. Nolanahi ere, atal honetan ezarritako neurriak bete behar dira:
- Hil-beiletan, 30 pertsona batu ahalko dira, gehienez, aire zabaleko espazioetan, eta 6, espazio itxietan.
- Bertaratzen den pertsona kopurua txikiagoa izanez gero, ezingo da baimendutako edukieraren %50 gainditu.
- Hildakoaren ehorzketan edo haren errausketarako agurrean, 30 pertsona egon ahalko dira, gehienez, betiere espazio irekian egiten bada. Espazio itxian eginez gero, gehienez 10 pertsona batu ahalko dira, eta, nolanahi ere, pertsonen arteko distantzia gorde beharko da.
- Kasu guztietan erabili beharko da maskara.
73. Gaueko zer ordutara arte egongo da garraio publikoa? Hiru lurralde historikoetako eremu txikiagoko garraio publikoaren azken irteera 23:00etan izango da. Gidaridun taxia edo ibilgailua izan ezik.
74. Jan edo edan daiteke garraio publikoan? Bidaia-denbora bi ordutik beherakoa bada, ezin da jan, baina bai edan. Nolanahi ere, gaur egungo testuinguruan, berariaz ez da gomendatzen edarien kontsumoa garraio publikoan.
75. Badago okupazio-mugarik garraio publikoan? Ez, garraio publiko eta pribatuetan ibilgailuak duen plaza adina pertsona joan ahalko da, betiere maskara jantzita.
76. Zer gertatzen da kultur ekitaldi batera joan eta hau 22:00ak baino beranduago amaitzen bada? Jarduera edo ekitaldi kultural edo sozialik ezingo da 21:00ak baino beranduago amaitu. Ordubete izango da (22:00ak arte) etxera itzultzeko.
77. Egin al daitezke erkidegoen bilerak edo jabeen batzarrak? Bilerak egin ahal izango dira, betiere topaketak egiten diren lokaletan ezarritako edukiera-mugak betetzen badira. Hala ere, bertaratutakoen joan-etorriei dagokienez, kontuan hartu beharko dira indarrean dauden mugikortasun-mugak, eta beti errespetatu beharko dira.
78. Akziodunen edo kooperatibisten batzarretara jo daiteke? Bai. Horrelako ekitaldietara joatea baimentzen da, inolako lurralde-mugarik gabe. Bana-banako dokumentu bat eraman beharko da, erakunde antolatzaileak beteta eta igorrita, joan-etorri hori justifikatzeko.
79. Baimenduta al dago arrazoi sindikalengatik, alderdi politikoen, enpresa-elkarteen eta antzekoen jarduerengatik lekualdatzea? Bai. Jarduera instituzional edo profesionaltzat jotzen baitira.
80. Baimenduta al dago manifestazioetara joateko mugikortasuna? Irizpide orokor gisa, manifestazioa egiten den herrian edo mugakidean bizi diren pertsonak bakarrik joan litezke. Hala ere, manifestazioetan, elkarretaratzeetan edo kaleratzeengatik egindako protestetan, ordezkari sindikalak eta zuzenean kaltetutako langileak joan ahal izango dira.
81. Erre daiteke bide publikoan? Bi metroko gutxieneko distantzia gordetzerik badago bakarrik.
82. Derrigorrezkoa al da erabilera publikoko establezimenduak eta lekuak aireztatzea? Erabilera publikoko establezimenduek eta tokiek aireztapen iraunkorra bermatu beharko dute egunean zehar, eta lokalak ireki eta ixten direnean ere bai. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da, eta airearen birzirkulazioa saihestu. Aireztapen eta girotze sistemek indarrean dagoen araudiaren arabera eraikinetan eta lokaletan jarduteko eta mantentze-lanak egiteko gomendioak bete beharko dituzte.
83. IAT nire ibilgailura pasatu behar badut eta izapidea 22:00etatik aurrera amaitzen badut, baimenduta dago lekualdatzea? Bai, itzulerako bidaia zuzenean egin ahal izango da bizilekura, baldin eta egindako izapidea egiaztatzen bada.
84. Herritar batek, zirkulatzeko baimenduta dauden ordutegiak betez gero, bizilekua duen udalerria ez den beste udalerri batean igaro al dezake gaua karabanan? Ez, soilik igarobidean badago eta karabanentzat baimendutako lekuetan aparkatzen badu.
85. Kontsulta medikoetara beste pertsona bat lagundu daiteke? Bai, laguntzaile bat onartzen da.
86. Baimenduta al dago gurtza-lekura joatea (meskita) beste udalerri batera, gure udalerrian bertan ez badago? Aurreko udal-mugikortasunaren murrizketan interpretatu zen bezala, erlijio zerbitzuetara edo kultu-zerbitzuetara joateko aukera ematen da, baina salbuespen gisa, bizileku den udalerrian ez badago, eta beti gertuen dagoen lekura. Ez dago inolako muga kuantitatiborik, eta behar beste aldiz egin daitezke. Era berean, gurtza-zentroko batzordekideak, soldatapekoak izan ala ez, oratorioa dagoen udalerrian bizi ez badira, erregulartasunez joan daitezke irekitzera eta ixtera, garbitzera edo mantentzera.