'Akelarre', 'Ane' eta 'Baby', Euskal Zinemaren Astean

Erredakzioa 2021ko ots. 22a, 08:27
Hilaren 26an eskainiko dute Juanma Bajo Ulloaren 'Baby'. / 'Baby'

Otsailaren 22tik 27ra bitartean izango da 37. edizioa. Film luze bat emango da egunero eta film laburrak egun bakarrean bilduko dira, ordutegia bete eta solasaldiak egin ahal izateko.

Euskal Zinemaren Asteak Arabako publikoarekin duen hitzorduari leial helduko dio aurten ere, baina pandemiak ezarritako mugetara egokituta. Otsailaren 22tik 27ra bitartean egingo da Gasteizko Vital Fundazioa Kulturunean, eta ordutegia 18:30era aurreratu dute. Hala, eguneroko emanaldia eta ondorengo solasaldia mantenduko dira, eta 21:00etan amaituko da. Film laburrak saio berean proiektatuko dira, hilaren 24an.

Jaialdi parte-hartzailea izaten jarraituko du eta saioetako publikoak epaimahai lanak egingo ditu. Otsailaren 27an, larunbatean, emango dira ezagutzera emaitzak, itxiera galan. Ekitaldi horretan, sari banaketa egingo da eta Gutariko bat saria emango zaio Arabako zinemagintzako profesional ospetsu bati.

Inaugurazio galan Akelarre Goya sarietarako bederatzi izendapen lortu zituen filma izango da protagonista. Pablo Aguero du zuzendari eta Amaia Aberasturi eta Alex Brendemuhl dira aktore nagusiak.

Asteartean Hil kanpaiak filma izango da ikusgai. Miren Gorrotxategiren eleberri batean oinarrituta dago eta Imanol Rayo du zuzendari. Aktoreen artean Itziar Ituño, Eneko Sagardoi eta Yon Gonzalez nabarmendu daitezke.

Asteazkena aukeratu dute film laburren emanaldietarako, eta, besteak beste, Paul Urkijoren Dar Dar, Aitor Lopez de Aberasturiren Buruak, Estibaliz Urresolaren Polvo Somos, Andoni Mz. de Madinaren eta Julen de la Sernaren Buen Plan eta Beñat Fontanedaren Ni una más izango dira ikusgai. Film labur guztiak zuzendari arabarren lanak dira.

Goya sarietarako bost izendapen ditu Ane lanak eta ostegunean emango duten film luzea da. David P. Sañudo du zuzendari lan horrek eta aktore nagusiak Patricia Lopez Arnaiz, Mikel Losada, Jone Laspiur, Aia Kruse, Nagore Aranburu, Gorka Aginagalde eta Fernando Albizu dira. Euskal Zinemaren Saria eta Zinemaldian emakumezko aktore onenaren Forque Saria jaso zituen 2009an Gasteizen girotuta dagoen pelikula honek.

Juanma Bajo Ulloa zuzendari arabarra dugu Baby lanaren buru eta gidoilari ere, ostiraleko saiorako aukeratutakoa. Bingen Mendizabal da musikaren arduraduna eta aktoreen artean Natalia Tena, Harriet Sansom Harris, Rosie Day eta Charo Lopez aurki daitezke.

Mireia Gabilondoren Erlauntza filmak itxiera galarekin eta sari banaketarekin partekatuko du protagonismoa larunbatean.

Abonuak eta sarrerak gaurtik aurrera egongo dira salgai www.fundacionvital.eus webgunean, Kordoi Etxean eta leihatilan, proiekzio bakoitza hasi baino ordubete lehenagotik, eserleku librerik balego.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide