Bartzelona5 |
Alaves1 |
Alavesek ez du aukerarik izan Bartzelonaren aurka, eta Camp Nou futbol zelaian jokaturiko partidan 5-1 galdu du. Sailkapenari dagokionez, jasandako porrotak ez du eragin handirik izango, eta momentuz jaitsiera postuetatik kanpo jarraituko du. Oraindik liga amaitzeko hamabost jardunaldi geratzen badira ere, berebiziko garrantzia izango du hurrengo partida Realaren aurka.
Berebiziko garrantzia izango du hurrengo partida Realaren aurka
Talde handi-mandi hauen aurka ez dago akatsik egiterik. Erraztasun handia izaten dute golak egiteko. Partidaren hasieran ondo aritu da talde arabarra. Atzealdean lerroak oso elkarturik izan dira eta ez dute inongo zirrikiturik utzi Messi, Griezmann eta enparauek sartu ahal izateko. Bartzelonak, ohi bezala, jokoaren ekimena eraman du, eta baloia erabiliz aritu da sakontasunik gabe. Baloia mugitu eta mugitu egin dute, baina gol aukerarik sortu gabe.
Halere, lehen zatiko 29. minutuan ondo baino hobeto aprobetxatu du Trincaok lehen gola egiteko. Hortik aurrera erosoago jokatu du talde kataluniarrak. Gol hori gutxi balitz eta atsedenaldira joateko minutu eskas geratzen zenean, Messi agertu da, eta areaz kanpotik egindako jaurtiketa bikaina zutoinean jo ondoren saretara joan da. 2-0ko emaitzarekin joan dira aldageletara.
Bigarren zatian, hasi bezain pronto, Alavesek esperantzarako gola egin du. Luis Riojak bikain aprobetxatu du Bartzelonak egindako akatsa, eta 2-1ekoa jarri du markagailuan. Minuturik onenak izan dira, eta aukera pare bat sortu ditu talde arabarrak berdinketa lortu ahal izateko. Pena izan da, izandako aukera horiek ezerezean gelditzea.
Messiren laugarren golak bukaera eman dio Alavesek egindako esfortzuari
Nolakoak diren gauzak! Trincaok hirugarrena egin du, eta, handik minutu gutxira, Messsik, berriz ere, laugarrena. Gol horrek bukaera eman dio Alavesek egindako esfortzuari; eta hortik aurrera Bartzelona jaun eta jabe izan da. Baloia ondo baino hobeto erabiliz maisuki jokatu dute. Lan horren ondorioz, bosgarrena iritsi da, Junior jokalari gaztearen eskutik.
Hurrengo neurketa datorren igandean izango da, otsailaren 21ean, 16:15ean Realaren aurka. Ezbairik gabe, norgehiagoka zaila izango da, talde donostiarra une gozoan dagoelako. Halere, Alavesek puntuen beharra du, eta hori ikusi egin beharko da berdegunean. Ea aukerarik izaten duen punturen bat urratzeko.
Hamaikakoak
- Bartzelona: Ter Stegen; Mingueza (72’. Dest), Lenglet, De Jong (72’. Pjanic), Junior; Ilaix (65’. Pedri), Busquets (46’. Umtiti), Riqui Puig, Trincao; Griezmann eta Messi.
- Alaves: Pacheco; Martin (46’. Laguardia), Lejeune, Tachi, Duarte; Edgar Mendez, Battaglia, Tomas Pina (72’. Pere Pons), Cordoba (46’. Luis Rioja); Lucas Perez (81’ Deyverson), Joselu (81’ Borja Sainz).
- Txartel horiak: 17’. Martin, 52’. Tachi.
Golak
- 1-0: 29’. Trincao
- 2-0: 45’. Messi
- 2-1: 57’. Luis Rioja
- 3-1: 74’. Trincao
- 4-1: 75’. Messi
- 5-1: 80’. Junior
Camp Nou futbol zelaiko harmailak
Ikuslerik ez Camp Nou futbol zelaian. Epaileak VAR erabili du Bartzelonari gola ez emateko. Gutxigatik izan bada ere, Griezmann jokoz kanpo zegoela adierazi du, eta Messik egindako gola ezerezean geratu da. Alavesek elastiko zuri-gorria erabili du. Partida bide onetik joan da, eta epaileak ez du inongo arazorik izan.
Etxeko besaulkitik partidari begira
- Beno, bada, saskibaloian galdu dugu Bartzelonaren aurka. Orain futbolean irabaztea tokatzen zaigu.
- Talde izugarriak dauzkate, bai futbolean nola saskibaloian. Ze pena, galtzea. Ea hurrengo urtean ikuslerekin aukera izaten dugun Baskoniarekin Kopa irabazteko. Ondo legoke, batez ere, ikusleekin izatea. Ea egia izaten den!
- Hamaikakoan Cordoba izango da titular moduan. Ea bizitasuna ematen dion erasoko jokoari.
- Ondo, ondo ari taldea. Ea zorte izaten dugun!. Era honetako partidetan oso garrantzitsua izaten da etekin handia ateratzea erasoko jokaldi bakoitzari.
- Uff, Bartzelona zer.-nolako taldea den! Ikaragarria. Nola mugitzen duten baloia. Mugitu, mugitu, erabili, alde batera bestera. Zirrikitu ikusten dutenean pasea egin eta gol aukera sortu.
- Ufff, Gola, Trincaoren gola. Beno, bada, gauzak okertzen hasiak dira.
- Messi, nola ez, Gola. Ze jokalari puxka!! Bigarren gola.
- Jai daukagu, gaur. Miraria egiteko zerbait gehiago behar dugu.
- Luis Rioja, gola, gola. Esperantzarako gola, ea taldeak aurrera egiten duen. Goazen, goazen Glorioso.
- Ufff, aukera horiek gauzatu behar dira, bestela mistela.
- Hor duzue, berriz ere, Trincao, hirugarrena. Messi, laugarrena. Mesedez, bukatzeko partida. Hau desastrea!
- Uff, hau pena, bosgarrena. Gehiegizko jipoia jaso du Alavesek. Gehiegi izan du. Zerbait gehiago merezi izan du. Baina, talde handi hauen aurka dena ondo egin behar da, gutxienez, puntu bat lortu ahal izateko.
- Beno, bada, hurrengo partida, derbia, Realaren aurka. Ea taldeak garaipena lortzen duen!