Baskoniak ondo ekin dio norgehiagokari eta Pierria Henryren eskutik joko bizi eta alaia izan du lehen bizpahiru minututan. Ameskeria hutsa izan da partida hasieran ikusitakoa, hortik aurrera lehen zati negargarria jokatu baitu taldeak.
Erasoan zer egin jakin gabe ibili dira Ivanovicen mutilak; 24 segunduak baloia mugitu gabe xahutu dituzte behin eta berriz, eta gaizki egindako jaurtiketak izan dira nagusi. Lehen zatian asistentzia bakarra lortu du taldeak, ez du barne jokoan taldeak izan dezakeen nagusitasuna baliatu eta, hori gutxi ez balitz, errebotean Bartzelonak bikoiztu egin ditu gasteiztarrek lortutakoen kopurua.
Finalaurdenetako partidan Bartzelonak asko sufrituta lortu zuen garaipean Unicajaren kontra, luzapenean, eta intentsita horrekin ekingo diote katalanarrek finalerdietako partidari. Baskoniak aldiz errazago eskuratu zuen Joventuten kontrako kanporaketa eta bi taldeen arteko artea nabaria izan da.
Azken laurdenean, hogei puntuko aldea gainditu beharra zuenean, Baskonia ezinezkoaren bila joan da. Partida osoko minutu on bakarrak jokatuta, markagailuan aldea hamasei puntu murriztea lortu du, eta partida bukatzeko hiru minutu falta zirenean lau puntura gerturatzea lortu du (69-65). Baina beranduegi. Bartzelonak azken minutuak kontrolpean izatea lortu du eta Baskoniaren amestsa zapuztu du azkenik. Biharko finalean, bi faborito nagusiak, Real Madril eta Bartzelona arituko dira Errege Kopako titulua eskuratzeko lehian.