Baskoniak nagusitasuna erakutsi du partidako lehen minuetatik, eta Joventutek, amore eman ez duen arren, ezin izan dio gasteiztarren joko maila eutsi final-laurdenetako kanporaketan. Horrenbestez, pronostikoa bete dute Ivanovicen mutilek eta larunbatean finalerako txartela eskuratzeko lehian arituko dira.
Ivanovicek ez du errotazio handirik behar izan lehen kanporaketa honetan. Hasiera batetik, partida aurretik landutako estrategia ezin hobe gauzatu du taldeak, eta gustoko duen erritmoan jokatu ahal izan du. Henryk nahi bezala gidatu du taldearen jokoa, Pollonara egunez egun jokalari sendoagoa dela erakusten ari da eta Giedraitis denboraldi hasierako joko maila berreskuratzen hasia da denboraldi sasoi honetan. Joventutek kemena erakutsi du, berrogei minututan zehar, baina gaur egun bi taldeen artean alde nabaria dagoela agerian geratu da.
Gabezia bakarra taldearen defentsa lanean ikusi da gaurkoan. Garaipena lortu arren, Ivanovic ezagututa, haserre bukatuko zuen partida ostean, eta jokoaren alde hori hobetu beharko dute, bihar, finalerako txartela eskuratu nahi badute. Unicaja eta Bartzelonaren arteko lehiak erabakiko du Baskoniaren aurkaria. Ustez, Bartzelona da faboritoa, baina Kopak beti uzten ditu ezustekoak.