Pentsiodunek kaleak hartuko dituzte larunbatean, murrizketen aurka

Erredakzioa 2021eko otsailaren 12a

Pentsiodunen manifestazio erraldoia, 2018ko martxoan. / HALA BEDI

Otsailaren 13rako mobilizazio ugari deitu ditu Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak; besteak beste, Gasteizen eta Laudion. Pentsio publiko duinak bermatzea eta Toledoko Itunaren erreforman euren aldarrikapenak jasotzea exijituko dute.

1.080 euroko gutxieneko pentsioa, pentsio funtsa ez pribatizatzea eta iraunkortasun faktorea ezabatzea dira, besteak beste, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak larunbat honetan kalean berretsiko dituen aldarrikapen nagusiak. Dagoeneko hiru urte daramatzate astelehenero herriz herri mobilizatzen.

Hala, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako pentsiodunen koordinakundeek batera egingo dituzte manifestazioak, lau hiriburuetan eta herriz herri. Mugikortasuna mugatzen duten neurriak direla eta, Araban bi mobilizazio izango dira 12:00etan: Gasteizen, Artium Museotik; eta Laudion Herriko plazatik.

Herri mugimenduko eragile ugarik mobilizazioarekin bat egingo dute: Eskubide Sozialen Kartako eragile eta sindikatuak, gazte mugimendua, mugimendu feminista, AHTren aurkako Orain Ardura plataforma, auzo elkarteak eta abar luze bat. Gainera, Arabako Pentsionistak Lanean elkarteak jendarte osoari dei egin dio manifestazioan parte hartzeko, jendetsua izan dadin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago