Aernnovako langileen borroka ez da amaitu

Erredakzioa 2021ko ots. 11a, 18:28
Aernnovako langileen manifestazioa, ostegun honetan.

Hamar egun igaro dira Aernnovako 55 langileen nahitaezko kaleratzea gauzatu zenetik, eta ostegun honetan lanuztea egin dute Berantevillako lantegian. Enpresa batzordeak Covid-19aren eraginari buruzko datuak ezkutatzea leporatu dio zuzendaritzari.

"Aernnovako krisiaren izena ez da Covid, harrokeria baizik", kritikatu du enpresa batzordeak. Plazaratutako ohar batean salatu dutenez, "Covid-19ak sortutako egoera erabiltzen ari da enpresa, komunikabideen eta administrazioen aurrean 82 lan kontraturen baliogabetzea justifikatzeko".

"Zementuzko muturra" izatea eta langileak eta haien ordezkariak "gutxiestea" leporatu diote zuzendaritzari. Erakundeei ere kritika gogorrak zuzendu dizkiete: "Eusko Jaurlaritza edo Aldundia isildu egin dira, eta Lan Ikuskaritzak ere ez du iritzirik eman nahi izan".

Iragarri dutenez, mobilizazioekin jarraituko dute. Gainera, bide judiziala zabalik dagoela gogorarazi dute; kaleratzeen inguruko epaiketa martxoaren 16an izango da.

Koronabirusaren eragina

Adibide gisa jarri dute asteazken honetan, hilaren 10ean, gertatutakoa: prebentzio-ordezkariek mezu elektroniko bat idatzi zioten Giza Baliabideen arduradunei bilera bat eskatzeko, pandemiak langileengan izan ditzakeen ondorioak ezagutze aldera eta gaur egun lan eremuetan zein plantillan duen eraginari buruzko datuak eskatzeko.

Lau lerrotan jasotako erantzun laburrak agerian utzi zuen lau positibo baieztatuta eta beste lau pertsona PCR edo diagnostiko zain daudela enpresan.

"Delegatu horiek betetzen duten funtziorako ezinbestekoak diren datuak ezkutatzeaz gain, badirudi enpresak oinarrizko informazioa aipatu gabe uzten duela, hala nola: bajaren iraupena, lan eremua, txanda, lankide estuentzako informazioa, neurriak, mugak... Eta, jakina, eskatzen genuen bilera ez dute ezta aipatu ere", kritikatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide