Eskubide Sozialen Kartak EAEko aurrekontuak arbuiatu ditu Legebiltzarrean

Erredakzioa 2021ko ots. 11a, 17:33

Eusko Legebiltzarra inguratu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, barruan eztabaidatu eta onartu den aurrekontu proiektuaren kontra protesta egiteko. "Aurrekontuak ez datoz bat herritarren lehentasunekin", salatu dute.

Abenduaren 13an, "aurrekontu sozial, burujabe, partehartzaile, feminista eta ekologistak" aldarrikatu zituen Eskubide Sozialen Kartak EAEko hiriburuetan egindako mobilizazioetan. Karta osatzen duten erakunde sozial eta sindikalek salatu zuten "Jaurlaritza osatzen duten alderdiek (EAJ eta PSE) proiektua herritarrei bizkar emanda ari zirela egiten, inolako parte hartze prozesurik gabe".

Ia bi hilabete beranduago, ostegun honetan, Eusko Legebiltzarrera iritsi da aurrekontu proiektua, eta Eskubide Sozialen Kartak adierazi du ez duela onartzen, euren ustez ez dituelako aintzat hartu abenduan plazaratutako zazpi aldarrikapenetako bat ere.

Besteak beste, 35 orduko lanaldia, lanaren banaketa, aberastasunaren banaketa justuagoa, gutxieneko 1.200 euroko soldata, pentsio sistema propioa eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ziren Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren aldarrikapenak.

"Aurrekontuak ez baziren nahikoak pandemia aurreko beharrizan sozialei aurre egiteko, 2021erako proiektua are urrunago geratu da, pairatzen ari garen krisi sanitario, ekonomiko eta soziala medio", salatu dute. "Aurrekontuak ez datoz bat herritarren lehentasunekin, ez baitituzte zerbitzu publikoak garatzen edo eskubide sozial berriak aitortzen, ezta urratsik egiten ere zaintza sistema publiko, unibertsal eta doako baterantz".

Aurrekontuak onartuta

Azkenean, Eusko Legebiltzarrak EAJren eta PSEren gehiengoarekin onartu ditu aurrekontuak; eta beste taldeek aurkeztutako 1.289 zuzenketa partzialetako bat ere ez dute onartu. Oposizioko alderdi guztiek uko egin diote aurrekontuei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide