Igor Nabarro

"Gure armairuak ilunagoak dira, hesi arkitektonikoekin"

Anakoz Amenabar 2021ko ots. 11a, 09:00

Sexologoa eta gizarte langilea da Igor Nabarro. / Erlantz Anda

Eginaren Eginez elkartea gutxinaka berreraikitzen hasteko urtea izango dela dio Igor Nabarrok, pandemiak utzitakoa berriz josten hasteko garaia, kolektiboak dituen aldarrikapenei eutsi bitartean; aurten, desgaitasun egoeran dauden lagunen, bereziki emakumeen, sexualitatea jorratzeko ahalegin berezia egingo dute.

Eginaren Eginezek, desgaitasun bat duten Arabako pertsonen elkarteak, 43 urte beteko ditu aurten, aukera berdintasunaren alde etengabeko lanean. Ibilbide honetan aurrerapausoak agerikoak badira ere, ordea, oraindik ere kolektiboak "ikusezin" izaten jarraitzen duela nabarmendu du Igor Nabarro (Gasteiz, 1978) elkarteko presidenteak. "Aldarrikapen batzuk ez dira ondo ulertzen; gure sentsazioa da bigarren mailako kezka dela hau, bigarren mailako hiritarrak garela".

Kontzientziatuago gaude orain aldarrikapenekin?

Bai, urteekin ikusi dugu aldaketa, baina oraindik ikusezin jarraitzen du gure egoerak. Aukera berdintasuna exijitzea da gure lana, baina oraindik gure aldarrikapen batzuk ez dira ulertzen. Besteak beste, irisgarritasunaren inguruko lan handia egiten dugu, eta, 1996tik legea eskuetan dugun arren, egunero borrokatu behar dugu oztopoen kontra. Azken hilabete hauetan, esaterako, Gasteizko Alde Zaharrean egin dituzten lanak ditugu, irisgarritasun legea betetzen ez dutenak, legearen nahierako interpretazio bat eginez egin dituztenak, eta salaketa bat jarri behar izan dugu. Halakoak elkartearentzat sekulako desgastea dira; nekagarria da eskaera egitea, agerraldia... Gure lana ez da epaitegietara joatea, baina batzuetan beste aukerarik ez dugu. Noski, honek giro txarra sortzen du erakundeekin, eta baita herritarrekin ere. Tranbian obra handiak egin eta gero, guk salaketa egin genuen ez zelako irisgarria, eta berriz lanak, dirutza... Kontu hauekin, herritarrei helarazten zaien irudia oztopoak jartzen dituen elkarte batena da, bizikidetzari zailtasunak jartzen dizkion elkarte bat da gurea, beharrezkoak ez diren gastuak egitera behartzen dituena. Oraindik ere estigmak helarazten zaizkio kolektiboari.

Zergatik ez dira lan horiek aurreikusten administrazioaren partetik?

Azken batean, oraindik ez direlako aintzat hartzen kolektibo honetako emakume eta gizonak, bigarren mailakoak garelakoan. Horrek zerikusia du, besteak beste, gizarte produktibista honen ereduarekin; zure egoera organikoak eredu produktibista horretatik irtetera bultzatzen zaitu, ekonomikoki eta sozialki ez zara erakargarri. Pertsona zaurgarritzat gaituzte, etengabeko zainketen premian daudenak, harremanik izango ez dutenak... eta hori guztia helarazten dute, nahita edo ez, politika instituzional horiekin. Eta egoera horretan, etengabe matraka ematen aritu behar izaten dugu. Nik ondo ulertzen dut Eginaren Eginez entzuteaz aspertuta egotea jendea, ni neu ere aspertu egiten naiz gai hauetan nire burua entzuteaz. Aspertuta gaude gure ustez oinarrizkoak diren gaiekin horrela ibili behar izateaz, giza eskubideak aldarrikatu behar izateaz. Nahiko nuke elkarte hau elkarte gastronomiko bilakatzea bihartik aurrera, baina ezin da. Gauza batzuetan atzera goaz.

Egun hauetan saltokien kanpoko erakusmahaien inguruko eztabaida izaten ari da, besteak beste.    

Horretan ere eskubideez ari gara. Argi gera dadila merkataritza bultzatzeko edozein neurri bikain iruditzen zaigula, baina badira gure kolektiboa defendatzen duten eskubide batzuk eta eskubide horiek defendatzen dituzten arau batzuk. Badirudi orain koronabirusak dena estali duela eta batzuen onurarako beste kolektibo batzuen eskubideak zapaldu behar direla; tira, gure ustez, erakusmahai horiek ezin dute irisgarritasuna mugatu, eta beharrezko neurriak hartu beharko dira. Norbaitek onartuko luke migranteei lokal batera sartzea debekatzea? Ez, noski. Eskandalua litzateke. Eta, hain zuzen, horretaz ari gara; araudiak betetzen ez badira, kanpoan geratzen gara. Alegia, irisgarritasunaz ari garenean, irisgarritasuna ez da helburu bat, gainerako herritarrek egiten dituzten jarduerak baldintza berdinetan egin ahal izateko bitarteko bat baizik. Eta guretzat ezinbestekoa dena, irisgarritasuna, gizarte guztiarentzat da onura. Ezin dugu ulertu gizarte demokratiko batean kolektibo bati atzera eginaraztea. 

Urte berria kanpaina berri batekin hasi duzue elkartean. Sexualitatea landuko duzue Izanez elkartearekin batera, ezta? 

Orain arte eskubide zibilak eta kanpora begirakoak izan dira ardatza: lan kontuetan, hezkuntzan, irisgarritasunean... Eta izan dira landu ez diren gai batzuk. Bizitza pribatua edo gai emozionalei lotutako gaiak ez dira lehentasuna izan, gizartean oro har tabua delako, eta desgaitasun organikoak eta sexualitatea elkartzeak oraindik errezeloa sortzen duelako. Ikusezina izan da kolektiboan bertan ere, eta uste dugu ezinbestekoa dela sexualitatea, harremanak, bizikidetza lantzea, besteekiko eta batez ere norberarekiko duen garrantziaz hausnartu behar da, zaren horrek zu asebetetzea, eta gizarteak hori ulertu, onartu eta errespetatzea. Sexualitateaz gutxi hitz egiten dugu oro har, zailtasunen bat dagoenean baino ez, eta horri heltzen ahaleginduko gara.

"Aspertuta gaude gure ustez oinarrizkoak diren gaiekin horrela ibili behar izateaz"

Aurreritzi ugari dago oraindik?

Oso adibide argia da oraindik komun batzuetan ikus daitezkeen plakak: gizonarena, emakumearena eta aulki baten plaka; hirugarren sexu bat balego bezala, edo lehenengoen artean sartuko ez bagina bezala. Mito ugari dago, eta kontraesankorrak gainera. Batetik, desgaitasuna dutenak ez dira gai bere instintuak kontrolatzeko; bestetik, asexuatuak dira. Batetik, kalteberak dira; bestetik, arriskuak sor ditzakete... Oraindik ere, eta zorionez gero eta gutxiago bada ere, eskolan sexu-heziketa dagoenean ikastetxeak berak edo gurasoek haurra klasetik ateratzen dute, harentzat egokia ez delakoan, eta babes neurri gisa. Eta nik dakidala ezjakintasunak ez du inor babestu. Are gehiago, eritasun kognitibo bat duen ikaslearentzat tresna gehiago kudeatu beharko lirateke eta horretan ahalegina indartu. Izan ere, nahigabeko edo planifikatu gabeko egoera bat duten unean, ez dute hori kudeatzeko baliabide nahikorik izango. Lan hori egiten ez bada, pertsona horietako askok ez dakite abusu baten biktima izan daitezkeenik edo beraiek ere abusuzko jokabideak eragin ditzaketenik. 

Zehazkiago, emakumeen sexualitateari begirako programa bat prestatu duzue.

Emakumeen kasuan, nabarmenagoa da bere gorputzak dimentsio sexualaren garapena esperimentatzeko duen moduari buruzko desinformazioa. Eskubide asko eztabaidaezinak dira gainerako biztanleentzat, intimitate, pribatutasun, osasun zerbitzu eta medikuez ari garenean, baina disfuntzio organiko bat duten emakumeentzat, antza... Zailtasun asko dago, esaterako, ginekologiari dagokionez; mamografia bat egitea oso zaila da, makina horiek ez daudelako horretarako prestatuta. Hain zuzen, uste dutelako emakume horiek ez dutela eskubiderik eta beharrik ginekologoak artatzeko. Elkartean uste dugu funtsezkoa dela sexualitate osasungarri eta ugalkortasunaren kudeaketari buruzko ezagutza eta baliabideak eskuratzea, eta horretarako ezinbestekoa da profesionalen inplikazioa, konpromisoa eta trebakuntza. Lan horretan eragiteko, tailerrak antolatu ditugu. Emakume bakoitzaren egoera zein den kontuan hartu gabe, zailtasunak izango dituela aurreikusten da, ez dela gai izango, ez duela haurdunaldi osasuntsua izango, zailtasun gehiago izango dituela. Badakigu egokitzapen batzuk egin behar direla eta laguntza batzuk izan behar direla, baina gure bizitzako edozein esparrutan dugun bezala. Ez dago disfuntzio organikorik dimentsio sexuala garatzeko aukera kenduko duenik.

Eredutik kanpo bilatu behar da?

Gertatzen zaigu, genero-estereotipoen ondorioz, eredu oso estuetan sozializatu garela, emakume bat eta gizon bat izatea zer den, zer baldintza eta zer ezaugarri bete behar diren kontuan hartuta. Eta horrek askotan kolektiboko lagunengan ere eragin du, genero-inposizio batzuk bete ezin dituztelako emakume edo gizon "eskasagoa" sentitu dira. Inposizio horiekin ere amaitu behar dugu.

Eginaren Eginez elkarteko lehendakaria da Igor Nabarro eta lehendakariordea Luz Adrianzen. / E. Anda

Sexu-dibertsitatea nola bizi da kolektiboan?

Momentu honetan, Espainian Trans Legea eztabaidagai denean, gure kolektiboarekin dituen parekotasunak ikusten ditut. Gure kolektiboan sexu-dibertsitatea berdin bizi da: prebalentzia-indizea populazioan dagoen berbera da, baina oraindik gutxiago hitz egiten da horretaz, existituko ez balitz bezala, eta askoz ere zailtasun gehiagorekin. Gure kolektiboko pertsonen armairuak ilunagoak dira, eta hesi arkitektonikoak dituzte gainera. Trans pertsonei gertatzen zaiena ikusten dugu gurean: beren identitate sexualaren eta dimentsio sexualaren ukazio horretan, beren konfigurazio organikoagatik, beren gorputzengatik. Zer diren zalantzan jartzen da beren gorputzengatik, eta geure buruak ikusten ditugu hor. Askotan sentitzen dugu diskriminazio hori, soziala, lanekoa, etxebizitza eskuratzeko orduan diskriminatuta... Horregatik, kolektiboei dagokienean, ezinbestekoa da intersekzionalitate hori lantzea, kolektiboek elkar ezagutzea eta elkarrekin lan egitea.

Aurrekoan, sare sozialetan, kalean informazioa banatzen ari den elkarte batek albo batera utzi zintuela salatu zenuen. Adierazgarria da.

Oraindik ere gizartean dauden estereotipoen emaitza da. Antza, kaleko lana hasi aurretik jasotzen duten prestakuntza-ikastaroan, esaten zaie "desgaituekin" ez dutela hitz egiteko saiakerarik egin behar eta ez dietela produkturik saldu behar. Guk ez ditugu eskubideak bakarrik aldarrikatzen, "normalizazioa" aldarrikatzen dugu, nahiz eta hitz hori ez dugun erabiltzen, izan ere, askotarikoak gara, aniztasuna da gure gizartearen ezaugarri garrantzitsuena beharbada. Aniztasun horretan, guk denek dituzten betebeharrak eta "kaleko tabarrak" ere nahi ditugu, bizipen horiek ere nahi ditugu.

2021ean zein da lehentasuna elkartearentzat?

Elkartea berreraikitzea izango da helburu nagusia. Pandemiarekin elkarte-ehuna desegin egin da, eta hori berriz josi behar dugu. Gauza asko utzi behar izan ditugu alde batera, tailer presentzialak tartean, kolektiboa indartzeko balio zutenak. Hori guztia berriz altxatzea ezinbesteko zeregina izango da.

Nola eragin die pandemiak kolektiboko kideei?

Pandemiak erakutsi digu bizitza independentea landu egin behar dela, horretan indarra jarri. Egoitzetan ikusi dugu beharbada egoera zailena; beste guztiok deseskalada egin dugun bitartean, egoitzetakoek han jarraitzen dute, astean bi orduz egoitza ingurura ateratzeko aukera bakarrarekin. Gabezi handia dagoela ikusi dugu, etxez etxeko laguntzan, laguntzaile pertsonaletan... Orain denok bizi izan duguna, etxetik ezin ateratzea, hainbatentzat ohiko egoera da, irisgarritasun faltagatik momentu jakin batzuetan bakarrik atera daitezke etxetik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago