Ohiko girorik gabeko Kopa

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Mtz. de Luna 2021ko ots. 10a, 08:30

acb.com

Publikorik gabe, Madrilen, jokatuko dute Ligako zortzi talde onenek azken urteotako kopa txapelketarik irekiena izan daitekeen Errege Kopa. Ostegunean hasiko da lehia, eta Baskoniak ostiralean izango du Joventuten aurkako kanporaketa (18:30).

Bere ibilbidean zehar, beste edozein titulu baino gehiago eskuratu ditu talde gasteiztarrak Errege Kopan. 1995ean, lehen kopa altxa zuenetik, beste bost titulu eskuratu ditu Baskoniak (1999, 2002, 2004, 2006 eta 2009). Unicajaren kontra bere azken titulua altxatu zuenetik, hamarkada bat baino gehiago igaro da dagoeneko, eta asteburu honetan izango dute gasteiztarrek zazpigarrena etxera ekartzeko aukera. Lehen urratsa Badalonako Joventut menpean hartzea izango da.

Sasoiko iritsiko dira gasteiztarrak Kopa txapelketara gainera. Ligan, sailkapeneko hirugarren postuan kokatu dira Ivanovicen mutilak, aurreko igandean Tenerife gainditu ostean; eta Euroligan berriz, ibilbide traketsagoa izan badute ere, Real Madril eta Zalgirisen kontra erdietsitako azken garaipenek burua tente izateko arrazoiak eman dizkiote taldeari. Parez pare Joventut izango dute lehen kanporaketan. Jokalari gaztez hornituta, Badalonako taldea azken urteetako sasoirik onena izaten ari da, eta Tomic edo Ribas bezalako jokalari beteranoek eskaini dezaketen esperientziak lagunduta, ez dio Baskoniari inondik inora garaipenik oparituko. Finalerdietarako txartela eskuratzekotan, Barça eta Unicajaren arteko partidaren garailea izango du aurkari (larunbata, 19:00). Bestetik, txapelketari hasiera Tenerife eta Burgosen arteko partidak emango dio, ostegunean; dagokien finalerdian Real Madril edo Valentzia izango dute aurkari.

Azken egunotan entzundakoen arabera, Bartzelona ikusten dute aditu gehienek titulua eskuratzeko faborito; baina jakin badakigu Kopak ezustekoak uzten dituela urtero, eta hala izango ote den ikusi beharko aurtengoan ere.

Zaletuen babesa faltan

Saskibaloian, Errege Kopa da girorik beroena pizteko gaitasuna duen txapelketa, eta, bertan, zaletuak izaten dira urtero protagonista. Ostegunetik igandera bitartean ligako zortzi talde onenak kantxa bakarrean lehian jartzen ditu, eta partida bakarrera jokatutako kanporaketak ohi baino aukera gehiago ematen die talde apalagoei faboritoak menpean hartzeko. Taldeek kantxan izaten dutenaz gain, kolore ezberdinetako abesti, oihu eta orroak ere izaten dira nor baino nor harmailetan. Baliteke arrazoi horregatik izatea Kopa Baskoniak gogokoen duen txapelketa.

Baskoniazaleek gozatu egiten duten Kopa txapelketa, eta, urtero, Zurbaon aski ezagunak diren lelo eta kantuek girotzen dituzte txapelketari ongietorria egiten dio hiriko kaleak. Famatu egin da honezkero kopako partiden aurretik baskoniazaleek kantxara bidean gidatzen duten kalejira bera ere. Aurtengoan, tamalez, ez da halakorik izango. Ezinbestean, norberak bere etxetik egingo beharko dio oihu telebistako pantailari. Ateak itxita, jarraitzaileen berotasunik gabe, eta kantxa arrotzean lehiatu beharko dira aurtengoan taldeak. Halaxe erabaki zen iazko Liga ere, eta egoera berezi horretan Baskoniak ekarri zuen Valentziatik titulua. Aurrekariek, behingoagatik, mesede egiten diote talde gasteiztarrari.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago