Koronabirusa

Laudio, Aramaio eta Asparrena eremu gorrian, egoera hobetuz doan bitartean

Erredakzioa 2021ko ots. 8a, 13:30

1.442 biztanlerekin, Aramaio ere sartu da eremu gorrian, Laudiorekin batera. / GORBEIALDEA

Arabako intzidentzia tasa 594ra jaitsi da, eta hamasei udalerri arabar daude eremu gorrian: Laudio, Aramaio, Asparrena, Iruraiz-Gauna eta Moreda sartu dira; Dulantzi eta Kripan, berriz, atera dira.

Arabako intzidentzia tasa metatuak behera egiten jarraitzen du: une honetan 594,47koa da ostiralean 646koa zen, eta azken 24 orduetan soilik 56 positibo berri atzeman dira lurraldean. Kasu horietako 47 Gasteizen atzeman dira, eta hiriburuko intzidentzia tasa metatua 605ekoa da une honetan —ostiralean 658koa zen. Beheranzko joera, beraz, lurralde osoan zabaltzen ari da.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak astearte honetan erabakiko du ostalaritzaren behin-behineko irekieraren inguruan, itxieraren legezkotasuna aztertzen duen bitartean; ostalarien elkarteek eremu gorrian dauden udalerrietan ixteko aginduaren aurkako salaketa aurkeztu zuten joan den astean.

Bestalde, Osakidetzak Astra Zeneca txertoaren 9.070 dosi jaso ditu astelehen honetan; txerto horiek 55 urtetik beherako osasun langileentzat izango dira. Joan den ostiralera arte, Pfizer txertoaren 91.080 dosi eta Moderna txertoaren 3.600 jaso dira EAEn.

Arabako hamasei udalerri eremu gorrian

Otsailaren 13ra arte behintzat, Arabako udalerri guztietan konfinamendu perimetrala ezarri da eta topaketak lau pertsona artekoak izan beharko dira.

Astelehen honetan udalerrien egoeraren inguruan Osasun Sailak plazaratutako azken ebazpenaren arabera, hainbat aldaketa izan dira: Laudio, Aramaio, Asparrena, Iruraiz-Gauna eta Moreda eremu gorrian sartu dira, eta bertatik atera dira Dulantzi eta Kripan; azken horiek ostalaritza berrireki eta eskola kirola berriz martxan jartzeko aukera izango dute.

Beraz, Arabako hamasei udalerritan ostalaritza itxita eta eskola kirola etenda mantenduko da, asteartetik ostiralera arte behintzat. Honako hauek dira une honetan eremu gorrian dauden udalerri arabarrak, intzidentzia tasa altua dela eta:

  • Agurain (5.038 biztanle): 784,61
  • Laudio (18.118 biztanle): 506,78
  • Gasteiz (253.996 biztanle): 605,43
  • Aramaio: 2.905,41
  • Asparrena: 618,81
  • Bastida: 512,49
  • Berantevilla: 1.202,40
  • Donemiliaga: 964,19
  • Ekora: 3.370,79
  • Erriberabeitia: 811,99
  • Guardia: 2.281,62
  • Iruraiz-Gauna: 915,75
  • Moreda: 1.486,99
  • Oion: 681,62
  • Urkabustaiz: 1.310,34
  • Zuia: 889,08

Bitartean, 5.000 biztanletik beherako udalerriei dagokienez, intzidentzia tasa metatua soilik hiru udalerritan da 500etik gorakoa; hortaz, lurraldeko egoera orokorrak hobetzen jarraitzen du:

  • Armiñon: 1.793,72
  • Kripan: 1.639,34
  • Zalduondo: 1.015,23

Ospitaleen egoera

EAEko egoera orokorrari dagokionez, igande honetan 10.687 test diagnostiko egin ziren; horietatik 621 positiboak izan ziren (%5,8). Oinarrizko birsorkuntza tasa 0,87koa da (0,84koa Araban); hortaz, kutsatzeen hazkundea moteltzen ari da.

Ospitaleen egoerari eta hildakoei dagokienez, Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:

  • 42 pertsona ospitaleratu dituzte Covid-19aren ondorioz.
  • 573 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
  • 164 pertsona ZIUan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
  • Guztira, 737 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago