Alaves 1 - 0 Valladolid

Alavesek urrezko garaipena lortu du

Ibon Gorrisi 2021ko ots. 6a, 00:15
Argazkia: @Alaves

Merezimendu osoz, Alavesek 1-0 irabazi dio Valladolidi.

Alaves

1

Valladolid

0

Alavesek garaipen oso garrantzitsua lortu du Valladoliden aurka. Merezimendu osoz urrezko hiru puntuak eskuratu ditu, eta jaitsiera postutik atera da. Joseluk neurketako gol bakarra egin du 66’. minutuan, eta taldeari arnasa hartzeko aukera eman dio. Behar beharrezkoa zen irabaztea hurrengo partidak kanpoan izango direlako, Bartzelona eta Realaren aurka.

Joseluk neurketako gol bakarra egin du 66’. minutuan

Lehen zatian galtzeko beldur izan dira bi taldeak. Egoera kaxkarrean izateak asko baldintzatu du bi taldeen jokoa. Partida motel eta trabatua jokatu dute, gol aukera gutxikoa. Halere, talde arabarrak jokoaren ekimena eraman du, eta askoz gehiago hurbildu da area ingurura. Dena den, ez batak ez besteak ez du gol aukera garbirik sortu, eta, horren ondorioz, golik gabeko berdinketarekin joan dira bi taldeak aldageletara.

Bigarren zatian gauzak erabat aldatu egin dira. Alaves bizi-bizia atera da eta nagusitasuna erabatekoa izan da. Ekinaren ekinez saria etorri da. 66’. minutuan Martinek egindako erdiraketa bikain errematatu du Joseluk, eta baloia saretara bidali du. Merezitako gola, ezbairik gabe. Hortik aurrera, partidako minuturik onenak izan dira. Gol aukerak bata bestearen atzetik etorri dira, baina guztietan Masip atezainak erantzun bikainak eman ditu baloia geldituz edota urrunduz.

Bigarren zatian, Alaves bizi-bizia atera da eta nagusitasuna erabatekoa izan da

Dena den, neurketaren azken minutuetan talde arabarrak ez du estutasunik izan, eta ez dio inongo aukerarik eman Valladolid taldeari arriskua sortzeko. Garaipen oso baliotsua, eta gainera taldeak ez du golik jaso. Asko kostata, baina taldea, pixkanaka bada ere, itxura ona hartzen ari da. Atzealdean sendotasuna berreskuratzen ari da, eta aurrealdean Lucas Perezen etorrera mesede ikaragarria egin dio taldeari.

Hurrengo partida datorren larunbatean, otsailaren 13an, 21:00etan Camp Nou futbol zelaian izango da Bartzelonaren aurka. Era horretako neurketetan gutxi dago galtzeko eta asko irabazteko. Ea taldeak bide onenean jarraitzen duen!

Hamaikakoak

  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro (60’. Martin), Lejeune, Tachi, Duarte; Edgar Mendez, Manu Garcia (82’. Battaglia), Tomas Pina, Luis Rioja (60’. Cordoba); Lucas Perez eta Joselu (91’. Deyverson).
    • Txartel horiak: 10’. Tomas Pina, 40’. Ximo Navarro, 63’. Manu Garcia, 92’. Edgar Mendez.
  • Valladolid: Masip; Luis Perez, Joaquin, Bruno, Olaza; Roque Mesa (64’. Alcaraz), Fede San Emeterio; Hervias (64’. Toni Villa), Kike Perez (64’. Kodro), Oscar Plano (79’. Orellana); Weissman (79’. Waldo).
    • Txartel horiak: 43’. Bruno, 48’. Joaquin, 83’. San Emeterio, 89’. Alcaraz.

Golak

  • 1-0: 66’. Joselu

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak

Ohi bezala, ikuslerik ez. Momentuz ez da aurreikusten zalerik izatea futbol zelaietan. Alavesek 100. urteurreneko elastikoa estreinatu du eta zortea ekarri dio garaipena lortu duelako. Bigarren zatian Abelardok Cordoba zelairatu du debuta egiteko. VAR behin bakarrik erabili du epaileak.

Etxeko besaulkitik partidari begira

  • Partida gogorra izango da. Bai ala bai irabazi beharra dago.
  • Kamiseta polita, oso polita. Gainera itxura oso ona ematen du telebistan.
  • Ea garaipen lortzeko balio duen. Abelardok hamaikakoan aldaketak egin ditu. Martin ez da hasieratik ariko eta Edgar Méndez izango da. Eta zelai erdian Manu García. Kapitaina oso jokalari garrantzitsua da.
  • Gainera aspaldiko partez Lucas Perez eta Joselu arituko dira aurrealdean. Bazen garaia berriz ere Lucas Perez ikusteko.
  • Beno, itxura ona ematen ari da taldea. Ea hiru puntuak etxean gelditzen diren.
  • Dena den, biak beldur dira. Tentu handiz ari dira bi taldeak. Aukera gutxi, baina hori da egin behar dena. Pixkanaka eta aukeraren bat aprobetxatu gola egiteko.
  • Beno, 0-0 atsedenaldira. Ikusiko dugu bigarren zatian.
  • Hori da hori, golaren bila ateratzea. Eskuin eta ezker hegaletik erasora. Hori da hori taldeak egin behar duena. Gola etorriko da. Ikusiko duzue.
  • Joselu, nola ez. Erdiraketa oso ona eta bikain gurutzatu du baloia. Oso ondo, oso ondo.
  • Gora eta gora taldea, hori da hori, bigarren golaren bila. Bikain, oso itxura ona ematen ari dira.
  • Bigarrena, bigarrena…
  • Bazen garaia, garaipena eskuratzeko. Onena, taldeak eman duen itxura. Ea bide horretan jarraitzen duen!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide