Euskarazko sorkuntza gogoetagai Oihanederren

Erredakzioa 2021ko ots. 5a, 15:28
Palindromoak dira 'Abere ba' proiektuaren ardatza. / Bigara

Zaloa Ipiña, Bigara eta Alfredo Hernandez 'Zirika'-ren lanak ikus daitezke, hilaren 28ra arte

Euskal artea euskaraz zergatik ez? Eta zergatik ez euskararen inguruko euskal artea? Erantzun ezberdi­nak eman dizkiete galdera horiei hain­bat artistek, eta Oihaneder Euskararen Etxeak horietako hiru eka­rri nahi izan ditu Montehermo­so kulturunera. Zaloa Ipiñaren Gorreri bisuala, Alfredo Hernandez 'Zirika'ren Hitz birziklatuak eta Bigara bikotearen Abere ba: palindromo ilustratuen piztegia lanek osatutako erakusketa antolatu dute. Hiruerreketa. Euskararen arte-urak erakusketa otsailaren 5etik 28ra egongo da zabalik, eta doako sarrera izango du. 

Euskara gaur egungo minorizazio egoeran egotera eraman duten arrazoi historikoei buruzko irakurketa bisualak egiten ditu Zaloa Ipiñak Gorreri bisuala proiektuan, eta baita hizkuntzak heriotzara eraman ditzaketen aspektu sozial eta soziolinguistikoei buruzkoak ere.

Alfredo Hernandez 'Zirikak', bere aldetik, urteak daramatza euskararekin eta naturak eskaintzen dizkion elementuekin poesia bisuala egiten, eta hori arte-lan bihurtzen. Beti euskarri berrien bila koadroetatik, eskulturetara, eta hemendik instalazioetara eraman ditu euskal hitzak, etengabe beraiekin jolasean azken urteetan bideo-sorkuntza lanetara egin du jauzi. Hitz birziklatuak Oihanederren otsailean zehar ikusgai egongo den erakusketa kolektiboaren proposamenerako beren-beregi egindako proiektua da.

Abere ba proiektuaren ardatza euskarazko palindromoak dira; ezker-eskuin zein eskuin-ezker testuak eduki berbera dutenak. Erakusketak irudi eta testuaren arteko oreka bilatuz, hainbat elementu elkarrekin harremanduta erakutsiko ditu 101 animalien izenak oinarri: aberearen izena eta alderantziz testu ispilu palindromikoa osatuz izenburu moduan.

Arte garaikidearen barruan euskaraz sortzearen inguruko gogoeta ezberdinek –kezkak, jolasak, di­bertsioa, sentsazioak, gogoa, e.a.– osa­tzen dute ur-emari kolektibo hau. Hiru hausnarketa artistiko, euskaraz­ko hiru arte-propo­samen, euskararen hiru arte-ur.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide