Agatha Ruiz de la Prada diseinatzaile eta sortzaile madrildarra da Vital Fundazioa erakusketa-zentroaren gune nagusian inauguratuko den erakusketaren protagonista. Bere 40 diseinu adierazgarrienak, kartelak, binilozko alfonbrak, Kiko Alcazarrek egindako argazkiak eta desfileetako bideoak bildu dira erakusketarako. Apirilaren 11ra arte egongo da ikusgai.
Erakusketa osatzen duten piezak diseinatzailearen ibilbide luzeko une ezberdinetakoak dira, geometriaz eta kolorez beteriko unibertso berezia sortzen dutenak, modaren mugak gaindituz, artera bere adiera sakonenean iritsi arte. Marisa Oropesak eta Fernando Martinez de Viñasprek komisariatutako erakusketa hori Gasteizerako egin dute bereziki, eta aukera aparta da Agatha Ruiz de la Pradaren (Madril, 1960) unibertso koloretsura hurbiltzeko. "80ko hamarkadatik lan artistiko geldiezinari eutsi dio. Movida madrileña-ren urteetan hainbat kultura ekitalditan parte hartu zuen, modan ez ezik, bere marrazkiak ere hainbat galeriatan erakutsi zituen eta, 90eko hamarkadatik aurrera, bere markarekin lizentziak sortzen hasi zen, bitxiak, mahai-zapiak, azulejoak edo pijametatik hasi eta multinazional batentzat diseinatu berri dituen maskaretara iritsi arte", azaldu dute antolatzaileek.
Formetatik eta koloreetatik harago, Agatha Ruiz de la Pradaren estiloa ezagutzen laguntzen digun beste gakoetako bat materialak nola menderatzen dituen da, Oropoesak azaldu duenez. Erabiltzen dituen ehunak, askotan, benetako esperimentuak dira, eta, belusaz, hariaz, zetaz edo kotoiaz gain, aukera gehiago daudela erakusten digu berak. Hala, beren desfileetan plastikoak edo alanbreek betetzen dituzte pasarelak, elementu oro eralda daitekeela erakusteko.
Perun, Txilen, Panaman, Mexikon edo Portugalen kritika eta publiko arrakasta handiz aurkeztu ondoren, lehenengo aldiz Gasteizen izango da ikusgai Agatha, apirilaren 11ra arte, Vital Fundazioaren erakusketa-zentroan.
