Azken 24 orduetan 144 positibo berri atzeman dira Araban, eta intzidentzia tasa metatua 653koa da une honetan. Azken eguneko joera mantenduz, lurraldeko intzidentzia egonkortzen hasi da; horrela, pandemiaren hirugarren olatuaren balizko amaierara iristen ari garela ondorioztatu daiteke.
Kasu horietako 112 Gasteizen atzeman dira, eta intzidentzia tasa metatua 669koa da une honetan; hiriburuan, beraz, goranzko joera mantentzen da. Aurreikuspenen kontra, Laudio ez da eremu gorrian sartu, intzidentzia 479 kasutan mantendu delako oraingoz. Aguraingo egoerak ere ez du hobera egin, eta 859ko intzidentzia tasa dago oraindik.
Bestalde, Iruña Oka eremu gorritik atera da, eta ostalaritzari zein eskola kirolari berrekin ahal izango die. 612ko intzidentzia tasa metatua duen arren, azken egunetako bilakaera onak ahalbidetu du hori.
Arabako Unibertsitate Ospitalean egoera hobetu da: 98 gaixo daude ingresatuta Covid-19aren ondorioz; horietako 78 solairuetan eta 20 zainketa intentsiboetako unitateetan. Gainera, Txagorritxu ospitaleko hirugarren solairua berreskuratu ahal izan dute Covid-19 ez diren pazienteentzat.
Arabako hamahiru udalerri eremu gorrian
Otsailaren 13ra arte behintzat, Arabako udalerri guztietan konfinamendu perimetrala ezarri da eta topaketak lau pertsona artekoak izan beharko dira.
Ostegun honetan udalerrien egoeraren inguruan Osasun Sailak plazaratutako azken ebazpenaren arabera, hainbat aldaketa izan dira: Berantevilla, Dulantzi eta Kripan eremu gorrian sartu dira, eta bertatik atera da Iruña Oka. Beraz, Arabako hamahiru udalerritan ostalaritza itxita eta eskola kirola etenda mantenduko da, ostiraletik asteartera behintzat.
Honako hauek dira une honetan eremu gorrian dauden udalerri arabarrak, intzidentzia tasa altua dela eta:
- Agurain (5.000 biztanle baino gehiago): 859,33
- Gasteiz (5.000 biztanle baino gehiago): 669,12
- Bastida: 1.153,11
- Berantevilla: 1.803,61
- Dulantzi: 573,25
- Donemiliaga: 1.101,93
- Ekora: 3.745,32
- Erriberabeitia: 811,99
- Guardia: 2.672,75
- Kripan: 1.639,34
- Oion: 681,62
- Urkabustaiz: 1.448,28
- Zuia: 1.439,46
Gainera, 5.000 biztanletik beherako beste hainbat udalerritan 500etik gorakoa da intzidentzia tasa metatua:
- Aramaio: 2.229,73
- Armiñon: 1.345,29
- Iruña Oka: 612,81
- Kuartango: 537,63
- Lantziego: 531,21
- Legutio: 545,85
- Okondo: 657,35
- Villabuena: 1.418,44
- Zalduondo: 1.015,23
Ospitaleen egoera
EAEko egoera orokorrari dagokionez, asteazken honetan 15.083 test diagnostiko egin ziren; horietatik 1.020 positiboak izan ziren (%6,8). Oinarrizko birsorkuntza tasa 0,93 da; hortaz, kutsatzeen hazkundea moteltzen ari da.
Ospitaleen egoerari eta hildakoei dagokienez, Osasun Sailaren azken datuen arabera:
- 84 pertsona ospitaleratu dira ostiraletik igandera, Covid-19aren ondorioz.
- 573 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
- 156 pertsona ZIUan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
- Guztira, 729 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz.