Saltokien kanpoko erakustokiak arautuko ditu Gasteizko Udalak, ordenantza berri baten bidez

Erredakzioa 2021ko ots. 3a, 18:43

Interesa dutenek hurrengo egunetan egin ditzakete ekarpenak. / Pixabay

Eginaren Eginez elkarteak kanpoan jartzen diren erakustokiek sortzen dituzten irisgarritasun arazoak nabarmendu ditu

Gasteizek ordenantza bat izango du merkataritza-establezimenduen kanpoaldeko erakustokiak arautzeko. Araudia lantzeko izapideak abiarazteko dekretua sinatu du Gorka Urtaran alkateak. "Hiriko merkatariei entzun diegu. Eta haien eskaerak aintzat harturik, horrelako elementuen erabilera sustatu nahi dugu. Badakigu merkataritza dinamizatzen laguntzen dutela. Baina irizpide batzuk bete ditzaten nahi dugu halaber, enbarazu egin ez dezaten", azaldu du alkateak.

Ordenantza berriak eragindako edo horretan interesatutako pertsona eta erakundeek 15 eguneko epea izango dute iritzia emateko. Ondoren, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak proposamen teknikoa landuko du, sektorearen ekarpenak kontuan hartuz. Batzordean eztabaidatuko da agiria, eta Udalbatzak onetsi beharko du. Merkataritza Mahaiak egiten duen bileran ere aurkeztuko du udal gobernuak proposamena, profesionalen ikuspegia ezagutzearren.

Kanpoko saltokiak "traba"

Eginaren Eginez elkartetik kezka agertu dute araudi berriarekin, oinezkoen ibilbideetan kokatutako edozein elementuk dakartzan irisgarritasun arazoengatik."Oztopo horiek ez dio soilik gure elkarteak ordezkatzen duen biztanleriari eragiten, herritar guztiei sortzen dizkiete zailtasunak: adinekoei, haurdunaldi aurreratuan dauden emakumeei, gurdi eta haur-aulkietan adingabeak lekualdatzen dituztenei, osasun-arazoak direla-eta aldi baterako mugikortasuna ukituta dutenei, etab.".

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide