Lan erregulazio espedientea errekurritu du Aernnovako enpresa batzordeak

Erredakzioa 2021eko otsailaren 2a

Aernnovako langileen protesta bat. ALEA

Enpresak osasun krisia kaleratzeak egiteko "erabili" duela eta negoziazio prozesuaren oinarrizko arauak "urratu" dituela argudiatu dute langileek. Kaleratzeak baliogabetzeko eskatu dute.

Aernnovako langileek enpresak onarturiko lan erregulazio espedientearen kontra borrokatzen jarraituko dute. Hala, enpresa batzordeak espedientearen aurkako helegitea aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusian. Aernnova berarekin batera "gainjarritako enpresak eta sozietateak" ere salatu dituzte. Enpresak kaleratzeak oinarritzeko aipatu dituen produkzio "arazoak" egiturazkoak ez direla nabarmendu dute berriro ere langileek, eta osasun krisiak eragindako arazo "koiunturalak" besterik ez direla berretsi dute. 

Izan ere, enpresa "iruzurra" egin nahi duela aipatu du enpresa batzordeak helegitean, eta aldi baterako neurriak, ERTEak kasu, aski direla enpresaren bideragarritasuna bermatzeko. Halaber, langileek salatu dute produkzioaren inguruan beharrezko azalpenak ematea saihestu duela Aernnovak, eta halaber "informazioa ezkutatu" duela. "Bere erabakia justifikatzeko txosten partzialak erabili ditu eta desokupazio-orduak kalkulatzeko gehiegizko kalkuluak aurkeztu ditu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago