Astelehen honetan, Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak lan bilera egin du Arabako ostalaritzako ordezkariekin, sektore horri berariaz zuzendutako laguntza lerro berri bat prestatzeko. Otsailean onestea aurreikusi dute, eta eskaerak ahalik eta lasterren ebazteko, teknikari gehiagorekin indartuko dute plantilla.
Gonzalezek laguntza deialdiaren zirriborroaren ardatz nagusiak azaldu dizkie Arabako ostalaritzako ordezkariei, haien iritzia ezagutzeko eta ekarpenak jasotzeko. Laguntza lerroak 500.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango du, eta bateragarria izango da beste erakunde batzuen laguntzekin. Norgehiagoka bidez banatuko da, negozio bakoitzaren herriaren zein plantillaren tamaina bezalako irizpideen arabera.
Zirriborroa idazketa fasean dago oraindik, eta ostalaritza sektoreko negozioei diru laguntzak ematea proposatzen du, lokalen alokairua, hipoteka maileguak, autonomoen kuotak eta bestelako gastuak ordaintzeko. Arabako taberna, kafetegi eta jatetxe guztiei irekita egongo da, baina lehentasuna emango zaie herri txiki eta ertainetan daudenei, tokiko erakundeek sektoreari laguntzeko gaitasun txikiagoa dutela kontuan hartuz.
Ostalaritza sektoreko ordezkari ugari izan dira bileran: SEA Ostalaritza, Gasteiz ON, Laudioko Merkataritza eta Ostalaritza Elkartea, APYMCA Ostalaritza, Lautada Bizirik, Guardiako Enpresak Dinamizatzeko Elkartea eta AEnkomer . Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailetik, foru diputatuak eta Felipe Garcia arloko zuzendariak hartu dute parte.