Getafe 0 - 0 Alaves

Alavesek esfortzu izugarria eginez puntu bat urratu du

Ibon Gorrisi 2021ko urt. 31a, 18:06
Argazkia: @Alaves

Aspaldiko partez, Alavesek Getaferen zelaian hutsean berdindu du.

Getafe

0

Alaves

0

Getafek eta Alavesek partida kaxkarra, oso, jokatu dute. Bi taldeek asko zeukaten jokoan, biak egoera larrian daudelako. Talde arabarrak ez du punturik lortu Abelardok gidaritza hartu zuenetik. Irabazteko premia zeukan baina ez galtzea gailendu da. Gutxienez, puntu bat urratu du, eta, lortutakoa baliotsua izateko, hurrengo norgehiagokan irabaztea behar beharrezkoa izango da.

Lortutakoa baliotsua izateko, hurrengo norgehiagokan irabaztea behar beharrezkoa izango da

Oso partida trabatua izan da. Bi taldeek joko zuzena erabili dute arriskua sortzeko. Ez batak ez besteak ez dute gol aukerarik sortu, eta, horren ondorioz, golik gabeko berdinketa izan dugu markagailuan.

Alaveseko entrenatzaileak partidaren atarikoan adierazi zuen oso garrantzitsua zela atzean oso sendo aritzea golik ez jasotzeko. Taldeak ederki bete du entrenatzailearen agindua, eta defentsan ondo aritu dira. Gainera, zelai erdian aritu diren jokalarien helburua aurkariaren jokoa gelditzea eta oztopatzea izan da. Hor ere taldeak asmatu du golik ez duelako jaso.

Gola futboleko perrexila da. Ikuskizunari gustua ematen diona. Hori gabe, gehienez jota berdinketa lor daiteke. Getafe ere ez da bolada onean, eta horri esker talde zuri-urdinak puntua lortu du.

Bigarren zatian gauzak ez dira batere aldatu, eta lehengo bidetik joan dira. Galtzeari beldurra izan diote biek, eta horrexegatik ez dute aurrerapausorik eman garaipena lortzeko. Izan ere, era horretako apustuak eginez gero, edozein gauza gerta daiteke; baita partida galtzea ere. Beraz, Getafek zelai erdiko jokoa egin du, eta geldikako jokaldi batean gola egitea bilatu du. Alavesek, bere aldetik, esfortzu handia eginez eutsi dio, baina ez du aukerarik izan kontraerasora ateratzeko.

Galtzeari beldurra izan diote biek, eta horrexegatik ez dute aurrerapausorik eman garaipena lortzeko

Azken txanpan, entrenatzaileek ordezkoen aulkia mugitu dute, baina ez garaipena lortu ahal izateko, golik ez jasotzeko baizik. Bizitasunik gabe joan dira azken minutuak, eta bazirudien bi taldeek puntuarekin erabat konforme zeudela. Egia esanda,  talde arabarrak puntua lortzea behar zuen, bolada txarrari amaiera emateko eta zulotik atera ahal izateko. Gutxienez hori lortu du, baina oraindik orain asko falta zaio jokoa hobetzeko.

Hurrengo ostiralean, otsailak 5, 21:00etan Mendizorrotzan, aukera paregabea izango du Abelardoren bigarren aroko lehen garaipena lortzeko Valladoliden aurka. Jaitsiera postutik ateratzeko une ezin aproposagoa.

Hamaikakoak

  • Getafe: Yañez; Damian, Timor, Etxeita, Chakla; Arambarri, Maksimovic, Kubo (79’. Angel), Aleña (79’. Portillo), Cucurella; Mata.
    • Txartel horiak: 10’. Arambarri, 78’. Damian, 83’. Yañez.
  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Lejeune, Tachi, Ruben Duarte; Martin (92’. Jota Peleteiro), Manu Garcia, Tomas Pina, Luis Rioja (82’. Adrian Marin), Deyverson (79’. Battaglia), Joselu.
    • Txartel horiak: 24’. Lejeune, 58. Manu García, 92’. Ximo Navarro.

Coliseum Alfonso Perez futbol zelaiko harmailak:

Ikuslerik ez. Ohi bezala bozgorailuetatik une orotan zaleen kantuak eta oihuak entzun dira etxeko taldea animatzeko. Bi taldetako jokalariak berotze ariketak egiten ari zirela partidari hasiera emateko Laguardiak min hartu du eta ezin izan du jokatu. Beraren ordez, Abelardok Tachi zelairatu du. Ez da jokaldirik eztabaidagarririk izan eta epaileak ez du VAR erabili. Horrek garbi adierazten du gol aukera gutxiko neurketa izan dela.

Etxeko besaulkitik partidari begira

  • Eguerdiko poteorik ez, tabernarik ez. Beno, bada, etxeko besaulkitik ikusi behar partida. Oso gogorra izango da, baina ez dago galtzerik, bestela jai.
  • Laguardia, ez dago hamaikakoan? Baina zer gertatu da? Orain esan dute irratian, min hartu duela berotze ariketak egiten ari zela. Ondo hasiko gara.
  • Oso trabatua izango da partida. Oso. Ikusiko duzu, Getafek ez du asko egingo eta guk gauden egoeran askoz gutxiago.
  • Aspergarria izaten ari da partida. Gol aukerarik ez, batek gaizki pasea egiten badu, besteak okerrago.
  • Ikusiko duzu era honetako partidetan gola sartzen duenak irabaziko du. Baina, ematen du Alavesek ez duela egingo.
  • Ze gaizki, ze gaizki, ez bata ez bestea. Gol aukerarik ez. Eskerrak lehen zatian amaitu dela.
  • Aldaketarik ez bigarren zatian. Baten batek gola egiten badu geldikako jokaldi baten bitartez izango da.
  • Aspergarria, benetan, partida. Oso aspergarria. Ez da ezer ikusten. Gainera ematen du bi taldeek berdinketa nahi dutela. Beldur diote galtzeari.
  • Egia esanda oso ulergarria da. Getafe aurreko neurketan bost gol jaso zituen eta beste horrenbeste Alavesek.
  • Ea epaileak bukaera adierazten duen! Hiru minutuko luzapena. Uff, eskerrak amaitu da. Golik ez, jokorik ez…

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide