Leire Zugazua

"Herritarren kexen olatua heltzear dagoela uste dut"

Anakoz Amenabar 2021ko ots. 1a, 07:00
Martin Gartziandia aurreko sindikoaren lantaldean ere aritu zen Leire Zugazua. / Erlantz Anda

Espero zitekeena baino aldaketa txikiagoa izan dute Gasteizko Sindikoaren bulegoan 2020. urtean, ohikoak izaten diren zenbait liskar gai baretu eta kexa berri gutxi jaso baitituzte; halere, nekea eta arazoak pilatuz doaz, eta hurrengo hilabeteak "zailagoak" izan daitezke, Leire Zugazuaren arabera.

Zaurgarritasun egoeran dauden herritarrak dira Leire Zugazua (Gasteiz, 1976) sindikoak gidatzen duen lantaldean kezka nagusia, horri lotutako arazoak areagotuko direla uste baitute. "Egoera larrian zegoen jendea orain egoera larriagoan dago, eta gero eta jende gehiago dago egoera horretan". 

Urte zaila izan da Gasteizko Sindikoarentzat atzean utzitakoa?

Uste baino normalagoa izan da gure lanean. Pandemiari lotutako kexa berezirik edo kopuru handiagorik ez da izan, eta aurreko urteetan izandako antzeko datuak jaso ditugu. Alarma egoera dela eta, isunen inguruko hainbat espediente izan ditugu, baina ez da izan beharbada pentsa zitekeena bezain desberdina. Halere, uste dut kexen olatu hori helduko dela, pixkat beranduago beharbada... baina hala sumatzen dugu bulegoan. Beste alde batetik, zarata, esate baterako, klasiko bat da bulego honetan, ostalaritza jarduerak eragiten dituen arazoei lotuta, eta hori desagertu egin da; etxean egon garenez, hainbat kexa desagertu dira, baina bueltatuko dira ziurrenik.

Lan egiteko modua aldatu behar izan duzue...

Hori izan da zailena. Guri jendearekin harremana izatea gustatzen zaigu, zuzenean kezka entzun eta aurrez aurre egiten ditugun bileretan erantzun ahal izatea. Eta hori ezinezkoa izan zen hasieran, telefonoz egiten genuen dena. Herritarrekiko gertutasun hori mantentzea zaila da horrela. Ekainean berriz zabaldu genuen bulegoa, eta geroztik aukera desberdinak izan dira gurekin harremanetan jartzeko, bulegoan bertan eta telefonoz, eta herritarrek nahiago izaten dute oraindik hona hurbiltzea –Uraren lorategi sekretua, Florida pasealekuan–, eta guk eskertzen dugu. Herritarrentzako arretak kezkatzen gaitu, udal zerbitzuei dagokienez; orain dena aurretiazko hitzorduarekin egiten da, eta uste dugu ez dela egokiena; bat-batekotasuna galtzen ari da, zure gertuko gizarte etxera hurbiltzea... San Martineko bulegoetara bideratzen ari dira dena.

Pandemiak ageriago utzi ditu etxebizitzari lotutako arazoak: etxebizitza falta, hainbaten baldintza eskasak...

Etxebizitzaren arazoa oso presente daukagu beti, sarritan jasotzen ditugulako horren inguruko kexak. Etxebizitza faltaren inguruan, batik bat. Beharbada dugun arazo garrantzitsuena da gaur egun. Kasu bat aipatzearren, duela gutxi izan dugu oxigeno makina bat behar zuen emakume bat, jende gehiagorekin bizi zena, eta makina hori etxean behar bezala jartzeko txokorik ez zuena... edo logela bakar batean bizi den beste familia bat...

Etxebizitzen aferari lotuta, Olarizuko etxeetan ura berrezartzeko eskatu zenioten Gasteizko Udalari.

Burukomin asko eman dizkigu Olarizuk. Herritar askok ez dute ulertu zein zen gure ikuspuntua. Ezin dugu ulertu herritarrak gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten etxeetan izatea; jendea hor urik gabe, argirik gabe izatea... Giza eskubideak bermatu behar dira. Eta hori ez dugu okupazioarekin nahasten; guk uste dugu ez dela irtenbidea okupazioa, baina horrela ezin da mantendu, eta pandemia garai honetan askoz ere larriagoa da. Olarizun bizi diren familiei dagokionez, bestalde, beti esan dugu familiaz familia aztertu behar dela bakoitzari zein errekurtso dagokion. Etxebizitzak eraisteko egitasmoak sendoa dirudi, aurrera doa, baina gure kezka da familia horiei zer aukera ematen zaien, nora doazen.

Arazo horien aurrean, zer egin dezake Udalak?

Aukera gutxi ditu, nire ustez... Udal baliabideak lepo daude, eta hutsik dituen etxebizitza asko ez daude egoera onean. Egokitu egin behar dira etxebizitza horiek, baina diru falta argudiatuta ez dute egiten. Bustaldean dugu horren adibidea; udal etxebizitza asko eta asko daude hor aurrera egin ezinik. Edota Alde Zaharrean. Bitartekoak behar dira, eta eskasak dira momentu honetan. Aurrekontuetan egoera horri buelta emateko adostu dute; adi egongo gara.

Leire Zugazua Gasteizko sindikoa, Florida pasealekuan duen bulegoan. / Erlantz Anda

Berdintasun politiketara bideratutako aurrekontuetan atzerapausoa eman izana salatu dute Sorgineneak eta Ikusgunek.

Berdintasun politikak ezinbestekoak dira. Eta urtero gertatzen dena ikusten ari gara, murrizketak... Zeharkako gaia izan behar dute politika horiek, eta sendotu behar dira, horretan sinistu behar da, eta bultzatu. Atzerapauso bat baldin badago, gero zaila da berriz ere maila berean jartzea.

Zein da Udalari egin diozun azkeneko gomendioa?

Azken iradokizunen artean beharbada nabarmenena Tuvisari buruz egindakoa izan zen. Hainbat ordutan pilatu egiten zen jendea, eta errefortzua behar zela adierazi genion. Erantzuna astebetean jaso genuen, eta ezetz esan ziguten, eguneroko erabilera datuak aztertu zituztela eta ez zela beharrezkoa... Baina, handik gutxira, autobusen maiztasuna handitu zuten. Uste dut hemendik egiten zen iradokizuna, herritarren kexa eta alderdien presioagatik izan zela.

"Udal baliabideak lepo daude, eta hutsik dituen etxebizitza asko ez daude egoera onean"

Pandemia garai hauetan, osasun publikoa eta eskubideen arteko talkak izan dira...

Gai handia da hori. Oreka bilatzea zaila da. Pauso ziurrak behar dira, sendoak, koherentzia dutenak... eta beharbada horren falta sumatu dute herritarrek erakundeen aldetik. Udalak, kasu honetan, indarrean zegoen lege bat aplikatu du, eta gu saiatu gara lan hori ongi egin dutela zaintzen. Kasuak banan banan aztertuta, ikusi ditugu demaseko isun batzuk, baina askotan zuzendu egin dira horiek. Duela gutxi adineko bikote bat izan dugu hemen, ez zeukaten argi etxetik atera edo ez, alabaren etxera bazkaria eramatera joan eta isuna jarri zieten... tira, beharbada informazioa ez da oso argia izan.       

Zenbateko eraginkortasuna dute Sindikotik helarazten diren gomendioek?

Zaila da hori neurtzea, eta hala ere neurtzen dugu. Iaz, esate baterako, hamazazpi gomendio eman genituen, eta horietatik bederatzi onartu zituzten, beste hainbat ez zituzten onartu, eta beste batzuk erantzun gabe daude... Martin Gartziandiak gomendio bat eman zuen, garabiak kotxea eraman aurretik abisua emateko gomendioa, eta 2020an onartu zen, lau urte eta gero... Horregatik ez da erraza neurtzea eraginkortasuna. Bidea urratzen goaz, inertzia batzuk aldatzeko helburuarekin, baina kosta egiten da.

Urteak joan urteak etorri, zeintzuk izaten dira ohiko kexak?

Zaraten inguruko espedienteak, esate baterako, ez ditugu inoiz itxi. Zigor prozedurarik ez badago, ez dago horiekin amaitzerik. Zaraten ordenantza argia da, neurgarria da, baina zaila da erantzun bat ematea. Zuhaitzen afera ere, esate baterako, ez dirudi garrantzitsua denik, baina kexa asko izaten ditugu, hainbat bizilagunek etxetik eskuekin hartzen dituztelako hostoak; zuhaitzen inausketa egiteko ez dago behar beste langile, eta asko luzatzen da kontua. Halere, elkarbizitzari dagozkio arazo gehienak; txakurra duena eta ez duenaren artean, patinetea eta oinezkoaren artean, bizikleta eta autoaren artean... 2019ko azaroan esan ziguten mugikortasunaren inguruan indarrean zegoen ordenantza aldatuko zutela, eta momentuz ez dugu berririk. Etxebizitzak birgaitzeko diru-laguntzen afera ere konpondu gabeko arazo bat da, araudia ez delako argitaratu, 21. Zabalguneak urtero deialdi bat egiten zuen diru-laguntzekin, baina agintaldia aldatu zenean esan zuten ordenantza hori pixkat aldatuko zutela, berrikusi egin behar zutela. 2019an ez zen izan, eta 2020an ere ez. Jende asko obrak egiten ari da, kantitate handiko obrak, igogailuak jartzeko dirutzekin, esaterako; eta orain ez dute diru-laguntzarik, baina obra hasi zenean bazuten. Gehiegi luzatzen ari da afera hori ere.

Tarteka, kazetarien lana oztopatzen duten liskarrak izaten dira. Udaltzainei eta ertzainei argazkiak ateratzeko eskubidea auzitan izan zen iaz.

Olarizuko operazioan, joan den maiatzean, Argia-ko kazetariari udaltzain batek ez zion argazkirik egiten utzi, eta azkenean onartu zuten gaizki jokatu zutela. Sindikoak hori berretsi baino ez zuen egin. Argi dago kazetari horrek argazkiak ateratzeko eskubidea zuela. Alde Zaharrean ere izan zen halako gertaera bat. Kasu hauetan ulertzen ez duguna da araua argi izanik, gainera zure eguneroko lanean topatzen duzun egoera bat izanik, zergatik izaten diren zalantza horiek. Nola heldu liteke halako afera bat Sindikora araua argia bada? Hori da deigarria egiten zaiguna.

2021. urteari begira, zein da erronka nagusia?

Zaurgarritasun egoeran dauden herritarrak izango dira kezka nagusietako bat. Beldur handia ematen digu egoerak; egoera larrian zegoen jendea egoera larriagoan dago orain, eta gero eta jende gehiago dago egoera larrian. Hemen lekukotasun batzuk baino ez ditugu jaso, baina sumatzen dugu areagotuko direla.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide