Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 2020. urtean 13.200 lanpostu suntsitu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta, ondorioz, 8.500 lagunek galdu dute lana.
Urte amaieran, hain zuzen, 920.000 pertsona zeuden lanean EAEn, 2019an baino 13.200 pertsona gutxiago, %1,41 gutxiago. Guztira, 101.800 langabe zeuden erkidegoan. Araban, 15.100 dira langabe daudenak (%9,99).
Hirugarren hiruhilekoko datuekin alderatuta, eboluzioa negatiboa izan da EAEn. Hirugarren hiruhilekoan 20.900 lanpostu berreskuratu ostean, azken hiru hilabeteetan 400 suntsitu dira. Arabaren kasuan, nabarmen egin du gora (+2,0) langabezia tasak. Kontuan izan behar da, halaber, urtean zehar Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteetan (ABEEE) kalteturiko milaka lagunak landun moduan zenbatzen direla.
Gaindegitik nabarmendu dutenez, joera aldaketa Europa osoan hedatu da. 2020 amaieran langabezia tasa urtebete lehenago baino nabarmen handiagoa da herrialde gehienetan. "Europako Batasunean (EB27), esaterako, igoera hori puntu batekoa da. Euskal Herrian, ordea, igoera +1,2 (INE) edo +1,7koa (EUSTAT) izan da, estatistika erakunde bakoitzaren arabera". Urte amaieran soilik Espainiak (%16,1), Greziak (%15,8) eta Kataluniak (%13,9) dute Euskal Herriak baino langabezia tasa handiagoa.