Arabako zerga bilketa %10,5 jaitsi da, baina aurreikuspenak gainditu ditu

Erredakzioa 2021ko urt. 27a, 10:30
2019an baino 258 milioi euro gutxiago bildu ditu Foru Ogasunak 2020. urtean. / ALEA

Arabako Foru Ogasunaren diru bilketa 2.192,3 milioi eurora iritsi da 2020an; aurreko urtean baino 258 milioi euro gutxiago (%10,5). Edonola ere, urrian aurreikusi baino 79,1 milioi euro gehiago bildu dira.

Aldundiak azaldu duenez, zerga zuzenek eta zeharkakoek diru bilketa jaitsiera hori izan badute ere, eragin handiagoa izan dute zeharkako zergetan. Izan ere, jarduera ekonomikoa erortzearen ondorioz, zeharkako zergak izan dira kaltetuenak, bereziki BEZari eta hidrokarburoen gaineko zergari dagokienez.

Hala ere, abenduan diru bilketak hobekuntza txiki bat izan du aurreko hiletako datuekin alderatuta, aurreko urteko hilabete berberekin egin den konparazioan.

Zuzeneko zergak

1.087,5 milioi euro bildu dira zuzeneko zergen bitartez; hau da, 2019an baino %5,1 gutxiago:

  • PFEZa: 859,5 milioi bildu dira guztira, 2019an baino 19,1 milioi euro gutxiago (-%2,2).
    • Lan atxikipenengatik bildutako zenbatekoak berriz ere hobera egin du aurreko urtean erregistratutakoaren aldean. Zehazki kontzeptu horrengatik ia 2,5 milioi gehiago bildu dira, hau da, aurreko urtean baino %0,3 gehiago.
    • Zatikako ordainketak, ordea, nabarmen jaitsi dira 2020an (%66,1). Kontuan izan behar da jaitsiera hori ordainketa zatikatuak baliogabetzearen ondorio zuzena dela; izan ere, foru korporazioak neurri hori hartu du langile autonomoen finantzaketa errazteko. Zehazki, 20,1 milioi gutxiago bildu dira kontzeptu horrengatik.
  • Sozietateen gaineko zergak jaitsiera nabarmena izan du: 171 milioi bildu dira guztira, 2019an baino 42,2 milioi euro gutxiago (-%19,8).
    • Eragin handiena haren kuota diferentzialean islatu da, aurreko urtean baino 42,9 milioi gutxiago bildu baititu (-%23,6). Kontuan izan behar da kuota diferentzial horrek zergaren kanpainaren emaitzak eta 2020ko sozietateen gaineko zergaren konturako ordainketa zatikatuak islatzen dituela.
    • Nahiz eta zergaren kanpainaren diru bilketa bat etorri enpresek 2019an lortutako emaitzekin, zeinari pandemiak ez baitzion eragin, Arabako Ogasunak enpresen finantzaketa errazteko hartutako neurriek eragina izan dute.
    • Gainera, kontuan izan behar da ordainketa zatikatuetan eragina izan dutela bai enpresetan likidezia errazteko hartutako neurriek, zeinei esker egoera jakin batzuetan haiek ez ordaintzea ahalbidetu baitzen, bai 2020ko bilakaerak berak, ekitaldi horretan kalkulatutako etekinaren arabera kalkulatutako ordainketa zatikatuen kasuan.

Zeharkako zergak

891,1 milioi euro bildu dira zeharkako zergen bitartez; hau da, 2019an baino %13,6 gutxiago. Zerga horiek jarduera ekonomikoaren eta kontsumoaren beherakada islatzen jarraitzen dute. Hala ere, hilabete honetan berriz ere hobera egin du zeharkako diru bilketak, aurreko hilaren aldean.

  • BEZa: 575,1 milioi euro bildu dira guztira, 2019an baino 101,3 milioi gutxiago (-% 15,0). Beherakada pandemiaren ondoriozko kontsumoaren zein jarduera ekonomikoaren beheranzko bilakaeraren ondorioz izan da, eta aurreko hilabeteetan islatutakoa baino txikiagoa da.
  • Hidrokarburoak: 209,6 milioi euro bildu dira guztira, 2019an baino %13,3 gutxiago. Zerga horrek, era berean, jarduera ekonomikoak pandemiaren ondorioz izan duen bilakaera negatiboa islatzen du, baina, BEZak bezala, aurreko hilabeteetakoa baino jaitsiera txikiagoa izan du; beraz, badirudi ekonomiaren bilakaera negatiboa aurreko hilabeteetakoa baino txikiagoa dela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide