Arabako ehunka langilek bat egin dute zaintza grebarekin, lan baldintza eta zerbitzu duinen alde

Erredakzioa 2021ko urt. 26a, 19:00
Gasteizko mobilizazio bateratua Aldundiaren egoitzaren aurrean. / LAB SINDIKATUA

Arabako ehunka langile atera dira kalera astearte honetan, LAB, ELA, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako zaintza greban; EAEko hiriburuetako mobilizazioetan milaka izan dira. Martxoaren 4an grebara joko dute berriz ere.

Zerbitzu sozialen sistema eta kudeaketa «publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoa» aldarrikatu dute astearte honetan, urtarrilaren 26an, deitutako zaintza grebaren lehen jardunaldian. Gasteizen, 11:30ean abiatu da sindikatu guztien manifestazio bateratua, Andre Maria Zuriaren plazatik.

Hala ere, sindikatu bakoitzak bere deialdi propioa egin du grebarako, eta mobilizazio nagusietan bat egin aurretik, zutabeak egin dituzte, bakoitzak bere aldetik. LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deitu dute greba, baina SATSE eta CNT sindikatuek ere babesa eman diote deialdiari; baita pentsiodunen mugimenduak ere, besteak beste.

EAEn zaintza lanetan ari diren langile guztiak zeuden grebara deituta; besteak beste, adinekoen egoitzetan, etxeko laguntzan, eguneko zentroetan, aniztasun funtzionalean, esku-hartze sozialean, hezkuntza aisialdian, animazio soziokulturalean, telelaguntzan eta gaixotasun mentalean lan egiten duten pertsonak.

«Zaintza lanen duintasuna» aldarrikatu dute kaleetan, lan prekarietatea salatuz eta kalitatezko sektore publikoa exijituz. «Urtarrilaren 26ko eta martxoaren 4ko grebek inflexio-puntu bat gehiago izan behar dute zaintza funtzioa aitortzeko borroka kolektiboan, kalitatezko zaintzak jasotzeko eskubidean», adierazi du LAB sindikatuak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide