Zaintzako langileak grebara doaz, sindikatu guztiek deituta

Erredakzioa 2021eko urtarrilaren 26a

Pankarta bat Gasteizen, zaintza grebara deituz. / ELA SINDIKATUA

LAB, ELA, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek greba deitu dute zaintza sektorean, astearte honetarako eta martxoaren 4rako. Goizean zehar, mobilizazioak izango dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan.

Zerbitzu sozialen sistema eta kudeaketa «publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoa» aldarrikatuko dute astelehen honetan, urtarrilaren 26an, deitutako zaintza grebaren lehen jardunaldian. Gasteizen, 11:30ean abiatuko da sindikatu guztien manifestazio bateratua, Andre Maria Zuriaren plazatik.

Hala ere, sindikatu bakoitzak bere deialdi propioa egin du grebarako, eta mobilizazio nagusietan bat egin aurretik, zutabeak egingo dituzte, bakoitzak bere aldetik. LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deitu dute greba, baina SATSE eta CNT sindikatuek ere babesa eman diote deialdiari.

EAEn zaintza lanetan ari diren langile guztiak daude grebara deituta; besteak beste, adinekoen egoitzetan, etxeko laguntzan, eguneko zentroetan, aniztasun funtzionalean, esku-hartze sozialean, hezkuntza aisialdian, animazio soziokulturalean, telelaguntzan eta gaixotasun mentalean lan egiten duten pertsonak.

«Zaintza lanen duintasuna» aldarrikatuko dute kaleetan, lan prekarietatea salatuz eta kalitatezko sektore publikoa exijituz. «Urtarrilaren 26ko eta martxoaren 4ko grebek inflexio-puntu bat gehiago izan behar dute zaintza funtzioa aitortzeko borroka kolektiboan, kalitatezko zaintzak jasotzeko eskubidean», adierazi du LAB sindikatuak.

Beste pankarta bat Aiaraldean, zaintza grebara deituz. / LAB SINDIKATUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago