3.000 euroko saria izango du Euskararen Ginkanaren aurtengo edizioak

Erredakzioa 2021ko urt. 25a, 11:13
Euskararen Ginkanaren VI. edizioa, 2019an; aurten online izango da. / TOPAGUNEA

Euskararen aldeko proiektu bat bultzatzeko 3.000 euro irabazteko aukera emango du Euskaltzaleen Topaguneak, Euskararen Ginkanaren VII. edizioan. Lau eta sei lagun bitarteko taldeek otsailaren 3ra arte eman dezakete izena.

Lagun kuadrillak, Mintza taldeak, guraso eta ikasle taldeak, jai batzordeak, aisialdi taldeak, euskaltegiko lagunak, tokiko enpresak, kirol taldeak... Edozein taldek parte hartu dezake Euskararen Ginkanan.

Ondo pasatzeko gogoz dauden lagunak elkartu, lau eta sei kide bitarteko taldea osatu eta Euskararen Ginkanaren webgunean izena eman daiteke jada. Epea zabalik dago otsailaren 3ra arte.

Lau aste, lau proba, lau sari

Lau aste iraungo du Euskararen Ginkanaren VII. edizioak: otsailaren 3an hasi eta martxoaren 3ra arte. Gainera, final handia jokatuko da martxoaren 20an.

Lau proba izango dira, online; hilabetez, astero proba bat egingo da. Taldeek proba bakoitzaren irizpideak jasoko dituzte, eta proba eginda online bidali beharko dute.

Lau sari banatuko dira. Puntu gehien dituzten lau taldeak martxoaren 20ko final handira pasako dira, eta talde finalista guztiek eramango dute sari bana. Sari potoloena 3.000 eurokoa da, eta talde irabazleak sariaren %90 gutxienez izena ematerakoan aurkeztutako euskararen aldeko egitasmoa finantzatzeko erabiliko du: mendi irteera bat euskaltegiko lagunekin, euskararen egun bat antolatu herrian, Errigorako saskiak erosi eta eskolan banatu, kirol txapelketa bat kuadrillen artean...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide