Novaltiako grebalarien mobilizazioak Gasteizeraino iritsi dira

Erredakzioa 2021ko urt. 25a, 10:15

Zaratamoko Novaltia botika banatzaile enpresako langileek urte eta erdi daramate greban, 550 egun baino gehiago. Aste honetan Gasteizera etorriko dira, enpresako Kontseilu Errektoreko bi kideren botiken aurrean elkarretaratzeak egiteko.

Urtarrilaren 21ean lehen bisita egin zuten Arabako hiriburura, eta astelehen honetan, hilaren 25ean, 11:00etan, Txile kaleko Leticia Santamaria botikaren aurrean mobilizatu dira. Asteartean, berriz, Arana kaleko Monteagudo Arrazola establezimenduaren atarian elkartuko dira.

Novaltia farmazia banaketako kooperatiba bat da, eta, ELA sindikatuak azaldu duenez, hainbat botikako jabeak dira bazkideak. Horiek ordezkatzen dituen kontseilu errektorean hamabost farmazialari daude; horietako bost Euskal Herrikoak dira, tartean Gasteizko bi: Monteagudo Arrazola eta Leticia Santamaria.

Enpresako langileek 550 egun baino gehiago daramatzate greban, 2019ko uztailaren 22tik, hitzarmen propioa eskatzeko; eta azarotik ez da negoziazio bilerarik egin. Izan ere, langileen helburua lehengo hitzarmena berreskuratzea da enpresa Vascofar zenekoa—; horrekin batera, "soldata eskala bikoitzak kentzea, azpikontratazioa mugatzea, lanaldia laburtzea eta soldata igoera bat lortzea".

"Grebalari askok 950 euro inguru irabazten dute hilean. Bitartean, enpresak 4,5 milioi euroko irabaziak eduki zituen, 2017 eta 2019 bitartean. Greba hau langileek pairatzen duten prekarietatearen aurkako borroka argia da", adierazi du ELA sindikatuak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide