Zabalik da Laburbira film laburren zirkuitura lanak aurkezteko deialdia

Erredakzioa 2021ko urt. 25a, 09:30
2019tik hona ekoiztutako euskarazko film laburrak bilduko ditu XVIII. Laburbirak. / TOPAGUNEA

Laburbira deialdiaren XVIII. ediziora filmak aurkeztu ahal izateko, euskaraz egindakoak izan behar dira, 2019tik hona ekoiztutakoak, fikziozkoak eta 20 minututik beherakoak. Epea otsailaren 4ra arte dago zabalik.

2019 eta 2020 bitartean film laburren bat ekoitzi duzu euskaraz? 20 minutu baino gutxiago irauten du? Areto desberdinetan proiektatzea gustatuko litzaizuke? Orduan, aukera paregabea duzu, 2021eko Laburbira deialdia martxan dago eta. Lanak aurkezteko epea otsailaren 4ra arte zabalik egongo da. 

XVIII. edizioa izango da aurtengoa, helburu argi batekin: "Sortzaileen lanak ezagutaraztea, euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera zabalduz", azaldu dute. Horretarako, apirilaren 26tik maiatzaren 30era bitartean, aukeratutako film laburrek herriz herri zeharkatuko dute Euskal Herriko zein kanpoko hainbat herri eta hiriburu. Zenbait kasutan, gainera, zuzendariek beraien lanak aurkezteko aukera izango dute publikoaren aurrean.

Iazko edizioa

2020ko XVII. edizioan ikus-entzuneko 27 lan jaso ziren arren, bederatzi film labur aukeratu ziren: Gau Beltza, Urak dakarrena (Marilyn), Anti (Josu Martinez), Tigre bat (Amaia San Sebastian), Pil Pil (Kristina Zorita), Mamarro (Ibon Iza), Kateak (Yolanda Mazkiaran), Jauzi bat eta Prixt (Maitane Eyheramonho) eta Harria Herria (Dimegaz Kultur Elkartea). Horietako batzuk 2019ko hainbat jaialditan aurkeztutakoak ziren, eta ikusleen artean arrakasta handia lortu zuten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide