Alaves 1 - 4 Real Madril

Alaves urtebetetze zoriontsua kantatu gabe geratu da

Ibon Gorrisi 2021ko urt. 24a, 09:00
Argazkia: @Alaves

Real Madrilek tartaren lau zati jan ditu eta etxeko taldeari bat utzi dio, Alavesek mendeurrena ospatzen zuen egunean.

Alaves

1

Real Madril

4

Egun hunkigarria bizi izan da Mendizorrotza futbol zelaian. Emozioz beteriko eguna ehun urte ospatzeko. Partida goi mailako egunari tartaren ginga jartzeko. Baina Alavesek ezin izan du ospatu klubaren mendeurrena garaipena lortuta. Real Madrilek ez dio inongo aukerarik eman, eta lehen zatian erabakita utzi du lehia, hiru goleko aldea lortuta.

Real Madrilek ez dio inongo aukerarik eman, eta lehen zatian erabakita utzi du lehia, hiru goleko aldea lortuta

Lehen itzulian, talde arabarrak garaipena lortu zuen Madrilen. Garai hartan eta oraingoan ere, talde madrildarra gaizki ari zen-da denboraldi honetan. Horrexegatik, aukera aproposa zen garaipena lortzeko eta urtebetetze zoriontsua izateko. Baina era honetako talde handiek kalitate handia daukate, eta edozein unetan gai dira gola egiteko, baita partida onak egiteko ere.

Lehiaren lehen minutuetan etxekoak ondo aritu dira presio izugarria eginez eta itxura ona emanez. Baina ereserkiaren doinuak gutxi iraun du, eta berehala 0-1koa egin du Real Madrilek. Casemirok gola egin du ordu laurdena bete den unean. Zaplaztekoa gogorra izan da. Hortik aurrera, Alaves norabiderik gabe aritu da. Partidan sartu nahian baina ezin. Atsedenaldira joan baino lehen, norgehiagoka erabat erabakita utzi du talde madrildarrak. 41. minutuan Benzemak egin du bigarrena, eta Hazardek hirugarrena 45. minutuan.

Bigarren zatiari bizitasuna emateko, Abelardok hiru aldaketa egin ditu. Taldeak arnasa pitin bat hartu du, eta, 59. minutuan, Joseluk buruz 1-3koa jarri du markagailuan. Bazirudien susperraldia etorriko zela. Baina zalerik gabe oso zaila izaten da partidari buelta ematea. Alaves madrildarren area inguruan izan da, baina asko kostatu zaio arriskua sortzea. Real Madrilek bere aldetik izandako aukerak ondo baino hobeto aprobetxatu ditu, eta 70’. minutuan Benzemak laugarrena egin du. Hor bukatu da norgehiagoka.

Ahalik eta lasterren gauzak bideratzea komenigarria da, jaitsiera postuetan ez sartzeko

Urtebetetzeko tartaren zatirik handiena Real Madrilek jan du, eta apurrak utzi dizkio etxeko taldeari. Alaves taldeak bolada txarrean sarturik jarraitzen du. Ligan jokatu dituen azken bederatzi partidetatik bakarra irabazi du, bi berdindu eta sei galdu. Hau da, 27 puntutik bost besterik ez ditu eskuratu. Horri gehitzen baldin badiogu Kopako partida, esan genezake taldea egoera kaxkarrean dagoela.

Abelardo entrenatzaileak egindako aurkezpenean garrantzi handia eman zion defentsako lanari, baina jokaturiko azken hiru neurketetan 11 gol jaso ditu. Beraz, ahalik eta lasterren gauzak bideratzea komenigarria da, jaitsiera postuetan ez sartzeko.

Garaipenaren bidera bueltatzeko aukera izango du taldeak datorren igandean, urtarrilaren 31an, 14.00etan, Getaferen aurkako partidan. Ea kanpoan posible den Zorionak zuri abestea.

Hamaikakoak

  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro (46’. Borja Sainz), Laguardia, Lejeune, Ruben Duarte; Martin,  Pina (72’. Pere Pons), Battaglia (46’. Manu Garcia), Luis Rioja (46’. Lucas Perez); Edgar Mendez eta Joselu (78’. Deyverson).
    • Txartel horiak: 10’ Ximo Navarro, 48’. Manu García, 79’. Laguardia, 84’. Borja Sainz, 91’. Edgar Mendez.
  • Real Madril: Courtois; Lucas Vazquez, Varane, Militao, Mendy; Casemiro, Modric (77’. Isco), Kroos; Asensio (77’. Odriozola), Hazard (63’. Vinicius) eta Benzema.
    • Txartel horiak: 58’. Militao, 86’. Mendy, 87’. Benzema.

Golak

  • 0-1: 15’.  Casemiro
  • 0-2: 41’.  Benzema
  • 0-3: 45’.  Hazard
  • 1-3: 59’.  Joselu
  • 1-4: 70’.  Benzema

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak

Ehun kandela, zorionak Alaves!!! Oso une hunkigarriak bizi izan dira Mendizorrotzan. Javier Berasaluce, Alaveseko eta Real Madrileko jokalaria izandakoak bere ilobaren bitartez ohorezko sakea egin du. Harmailak hutsik baina ehun urteko ereserkia entzunez ilusioa zabaldu egin da haizetik zaleen etxetan sartzeko. Bestalde, pena handia zaleek ez dutelako aukerarik izan bertatik bertara Zorionak zuri abesteko. Garai hobeagoak etorriko dira denok elkarrekin kantatzeko.

Etxeko besaulkitik partidari begira

  • Zorionak, zorionak Alaves! Egun polita, zoragarria eta gainera goi mailako partida mendeurreneko eguna ospatzeko. Bestalde, pena izugarria harmailak hutsik daudelako. Pentsa hor izango bagina.
  • Dena polita, ohorezko sakea, Javier Berasalucek 90 urte ditu. Pentsa, ia Alavesarekin batera jaio zen. Atezain handia, bai Alavesen baita Real Madrilen ere.
  • Ea aukera izaten dugun urtebetetzeko tarta oso osorik jateko. Ondo, ondo ari taldea. Ilusioz, presioa eginez. Hori da gutxienez egin behar dutena. Presioa, borroka.
  • Beti bezala, beti bezala, ondo hasi eta berehala gola egiten digute. Atzealdea ez dabil batere fin. Orain berriz ere partida maldan gora.
  • Ea taldeak indarra duen altxatzeko. Ereserkiak “gora burua” dio eta horixe bera da egin behar dutena. Altxa, altxa.
  • Bigarren gola. Jokalari hauek goi mailakoak dira. Benzemak beti egiten ditu golak
  • Hirugarren gola. Akabo, akabo urtebetetzea. Madrildarrek ia-ia tarta osoa jan dute. Gauzak asko aldatu behar dira partida honi buelta emateko.
  • Jaitsiera postuetan sartuko gara, ikusiko duzue.
  • Joseluk buruz egin du. Susperraldia dator, susperraldia dator. Ea egia izaten den.
  • Beno, orain taldea hobeto ari da eta bigarrena egiten duten eta presioa sartzen diegun!
  • Ufff, Hau pena!! Hau desastrea! Benzemak laugarrena. Ez dago ezer egiterik. Abelardok lan asko egin behar du taldea norabiderik gabe ari delako.
  • Beno, gutxienez gaur ez dugu txartel gorririk ikusi.
  • Beno, oparirik gabeko urtebetetzea, tartaren ginga jan gabe eta gainera Zorionak zuri kantatu gabe.
  • Ea hurrengo partidaren Getaferen aurka taldeari zorionak emateko aukera izaten dugun.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide