Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazioak Gasteizen eta Barrundian

Erredakzioa 2021ko urt. 22a, 17:00
Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat, Gasteizen. / ALEA

Mugimendu feministak protokoloa aktibatu du azken hilketa matxista salatzeko, eta hiriburuetan mobilizazioak deitu dituzte. Barrundian elkarretaratzea egingo dute "indarkeria egoera amaitzea" erabaki duen emakume bati elkartasuna adierazteko.

Aintzane Pujana, 32 urteko emakume donostiarra, labankadaz hil zuten urtarrilaren 2an, Aizarnazabalen (Gipuzkoa). Hilketa leporatutako bi pertsonak espetxera bidali zituen epaileak.

Horren aurrean, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak erasoen aurkako protokoloa aktibatu du, eta ostiral honetan mobilizazioak izango dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, indarkeria matxista eta Aintzaneren hilketa bera salatzeko. Gasteizko mugimendu feministaren hitzordua 19:30ean izango da, Andre Maria Zuriaren plazan.

Elkarretaratzea Barrundian

Bestalde, Barrundiako Udalak eta udalerriko emakumeek plazaratutako bando batean azaldu dutenez, Barrundiako emakume batek "genero indarkeria egoera amaitzea erabaki du".

Indarkeria matxista kasu honen aurrean, elkarretaratzea deitu dute ostiral honetan, 20:00etan Ozaetako Euskaldun Berri enparantzan, biktimari "bakarrik ez dagoela" gogorarazi eta elkartasuna adierazteko, berari zein familiari.

"Biktimaren ausardiari balioa ematea nahi diogu, aspalditik bizi zuen indarkeria zirkulua apurtzeko urrats hori emateagatik", adierazi du Igor Medina Isasa alkateak. Halaber, Barrundiako Udalak bere "gaitzespenik sendoena" adierazi du, "genero desberdintasunean oinarritutako jarrera sexistetatik eratorritako eraso ororen aurrean".

 

Eraso matxista Aranbizkarran

Mobilizazioen egun berean, Gasteizko Udalak jakinarazi du Udaltzaingoak 36 urteko gizonezko bat atxilotu duela Aranbizkarran, genero indarkeria delitu baten ustezko egilea izateagatik.

Ostiraleko gauerdia baino zertxobait lehenago, 092ra egindako dei batek Aranbizkarra auzoko etxebizitza batean bikote bat eztabaidan ari zela ohartarazi zuen. Patruila batek bikotearekin bizi direnekin hitz egin zuen, eta, horien arabera, bikotekidearen erasoa jasan zuela adierazi zien biktimak berak. Gainera, lehendik ere beste eztabaida eta eraso batzuen lekuko izan direla adierazi zuten.

Lekukoen zein inplikatutakoen adierazpenak entzun ostean, udaltzainek gizonezkoa atxilotu zuten. Emakumea Agirrelandako bulegoetara eraman zuten, eta ostiral honetan epailearen aurrera eraman dute atxilotua.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide